Itxi

Zigorrak kommutatzea

Senatuak astelehen honetan egingo du Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege erreformaren bozketa

EITB MEDIA

PPk, gehiengo osoa baliatuta, atzeratu egin zuen bozketa aurreko asteartean, baina astelehen honetan egingo da, eta legea onartu egingo da, bozketan ezezkoa nagusituta ere. ETAko 40 bat presori eragingo die neurriak, eta lehenago atera ahalko dira espetxetik.

Senatua. Argazkia: EFE

Europan betetako zigorrak kontuan hartzeko eta zigor aurrekariei buruzko informazioa partekatzeko lege erreformaren bozketa astelehen honetan egingo da Espainiako Senatuan, Alderdi Popularrak, gehiengo osoa baliatuta, aurreko asteartean egitekoa zen bozketa atzeratu ostean. Besteak beste, 2018tik deseginda dagoen ETA erakundeko 40 bat presori eragingo lioke erreformak, aurrera aterako balitz. Izan ere, Espainiako auzitegiek kontuan hartu beharko lituzkete Europako beste herrialdeetan presoek betetako zigorrak. 

Gaia atzeratzearen alde bozkatu zuten 143 senatarik asteartean, 100ek kontrako boza eman zuten, eta bakarra abstenitu zen. Kongresuan aho batez onartu zen proposamena, eta talde bakar batek ere ez dio testuari zuzenketarik aurkeztu Senatuan.

Bozketa atzeratzeak, baina, ezingo du lege erreforma gelditu. Espainiako Gobernuak du proiektua erretiratzeko ahalmena, eta ez da uste hori egingo duenik. Beraz, lehenago edo geroago proposamenak aurrera egitea aurreikusten da. Gaur, urriak 14, egingo da bozketa, ezohiko osoko bilkura deituta, eta ezezkoa gailentzen bada ere, legea onartu egingo da eta Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Erreformak Europan du jatorria. Izan ere, Europar Batasunak ebatzi zuen preso batek ezin duela kondena bera bete bi herrialdetan, baina Mariano Rajoyren (PP) Gobernuak horren salbuespena onartu zuen 2014an, euskal presoen kasuan irizpide hori saihesteko.

Irailean, Kongresuaren Justizia Batzordeak Sumarren zuzenketa bat onartu zuen zigor aurrekarien trukerako legean, Voxen eta PPren babesarekin, salbuespen hori ezabatzeko.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gaia salatu duenean lehertu da polemika. Taldeak ohartarazi zuen ETAko 44 preso lehenago aterako direla espetxetik erreformaren ondorioz, eta eskuineko alderdiek atzera egin dute orain, Kongresuan emandako aldeko boza akatsa izan zela esanez.

Albisteak (1)