Koalizioa
Nafarroa Bai hautsi da
Erredakzioa
Hausturaren erakusgarri dira Aralar Iruñeko Udaleko NaBairen taldetik kanpo utzi izana eta orain Aralarrek Ayerdiri (EAJ) Parlamentuko bozeramaile kargua kendu izana.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroa Bai hautsi da. Hala aitortu dute koalizioaren barruan dauden bi alderdiek, Aralarrek eta Geroa Bairen inguruan lerratu diren Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Zabaltzeneko independenteek, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Iruñeko Udalean aste honetan irudikatu da haustura. Aralarreko bi zinegotziak NaBai taldetik kanpo geratu dira. Orain, Nafarroako Parlamentuan eta gainontzeko udaletan banaketa nola egin aztertzen ari dira bi aldeak.
Hasteko, Manu Ayerdi EAJren Nafarroako presidenteari Parlamentuko bozeramaile kargua kendu dio Aralarrek. Gero, datorren astetik aurrera iragarriko omen ditu EAJk bere neurri eta erabakiak.
Hausturak ez du atzera bueltarik
Haustura eta banaketa nola egin aztertzen ari diren bitartean, talde berean aritu behar izan zuten atzo foru parlamentuan Nafarroa Baiko parlamentariek.
Bertan esan zuten Atzera bueltarik ez duen haustura dela. Ayerdi Nafar Buru Batzarreko buruak Aralarri egotzi zion hausturaren erantzukizuna, Bildurekin bat egiteagatik.
Aralarretik, Asun Fenandez De Garaialde Nafarroako buruzagiak Geroa Bairen ingurukoei leporatu die NaBaitik kanpo bide propioa egiten ari zirela, eta Iruñeko Udalean beraiek hautsi dutela koalizioa.
Zortzi parlamentari eta 20 udal
Zortzi parlamentari ditu Nafarroa Baik Foru Parlamentuan: bost Aralarrekoak dira, bi Geroa Bairen ildokoak eta bat independentea.
Horretaz gain, NaBaik alkatetza duen 20 udaletan banaketa nola egin ere erabakitzen ari dira bi aldeak.