AUZITEGI NAZIONALA
PPk kereila aurkeztu du PSOEren aurka, 'Koldo auzia'rekin lotutako ustelkeria leporatuta
Agentziak | EITB Media
Alderdi Popularrak iragarritako oldarraldi politikoaren baitan, asteazkeneko kontrol saioa ustelkeriari buruzko osoko bilkura monografiko bihurtzea eskatuko du. Hala ere, gaur-gaurkoz, PPk ez du Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkezteko asmorik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
PPk kereila aurkeztu du Auzitegi Nazionalean PSOEren aurka, 'Koldo auzia'rekin lotutako legez kanpoko finantzaketa, eroskeria eta influentzia-trafikoa leporatuta, Borja Semper PPren bozeramaileak gaur goizean iragarri duenez.
Auzitegi Nazionalean PSOEren finantziazioa ikertzeko aparteko pieza bat irekitzea eskatu du Alderdi Popularrak, 'Koldo auzia'ri lotuta irekita dagoen ikerketaz gain. The Objective hedabide digitalak zabaldutako informazioaren arabera, enpresari batek onartu du diruz betetako poltsak eraman izan dituela PSOEren Ferrazeko egoitzara, mesede politikoen truke.
Informazio horien "larritasuna" dela eta, PPren ustez, "zentzuzkoa" da Alderdi Sozialistaren ustezko legez kanpoko finantzaketa Auzitegi Nazionalak ikertzea.
Gainera, PPk iragarri duen oldarraldi judizial eta politikoaren baitan, asteazkenerako Diputatuen Kongresuan deituta dagoen kontrol saioa ustelkeriari buruzko osoko bilkura monografiko bihurtzea eskatuko du Alderdi Popularrak Bozeramaileen Batzordean.
Gai-zerrenda aldatzea aho batez erabaki behar du, ordea, Bozeramaileen Batzordeak. Hori dela eta, aldaketa babesteko eskatu die Alderdi Popularrak Bozeramaileen Batzordean ordezkaritza duten alderdiei, eta, oro har, Kongresuan ordezkaritza duten talde politiko guztiei.
Bestalde, gaur-gaurkoz, Alderdi Popularrak ez du Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkezteko asmorik, ez baitu horretarako babes nahikorik.
Azkenik, PPk ez du oraingoz argitu noiz eramango duen Pedro Sanchez Senatuan ireki den ikerketa batzordera.