Itxi

PSOEren kontrako kereila

PPk dio baduela "informazioa PSOE eta Gobernua mehatxatzen duten ustelkeria kasuei buruz"

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Borja Semper bozeramailearen arabera, "Gobernuarekin tratuak izan dituen jende askoren eta enpresaburu askoren deiak jaso ditugu". Auzitegietara informazio hori "bahetu" ostean jo dutela nabarmendu du. "Dena jakingo da azkenean", iragarri du.

Semper, atzo, Auzitegi Nazionalean. EFE

Borja Semper PPren bozeramaileak nabarmendu duenez, bere alderdiak badu "informazioa PSOE eta Gobernua mehatxatzen duten ustelkeria kasuei buruz". Informazio horren nondik norakoak zehaztu ez baditu ere, iragarpena egin du Semperrek: "Dena jakingo da azkenean". 

"Koldo auzia" tarteko eta legez kontrako finantzazioa, eroskeria eta influentzia trafikoa delituak egotzita, PSOEren kontrako kereila aurkeztu eta biharamunean egin ditu adierazpenak Semperrek, Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean. 

Semperren hitzetan, "nazioartean eta Espainian ondorio asko dituen ustelkeria sarea da, hura ezagutzen hasi baino ez gara egin". 

"Esan dezakedana da badugula informazioa", azpimarratu du. "Gobernuarekin tratuak izan dituen jende askoren, enpresaburu askoren eta Gobernuko gertukoen deiak jaso ditugu; gauza asko kontatu dizkigute", erantsi du. 

Azaldu duenez, informazio hori guztia "bahetu" eta kontrastatu ostean, erabaki dute auzitegietara jotzea. 

PPren bozeramailearen arabera, "ez gara besoak gurutzatuta geratuko, are gutxiago Gobernuak azalpenak ematen ez dituenean". Semperrek uste du "sinesgaitza"  dela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak "Jose Luis Abalosen, alderdiaren "bigarrenaren", ibileren berri ez izatea". 

Hala, esan duenez, "Sanchezen dimisioa eskatzeko argudio eta justifikazio sendoak daude". 

Sanchez "bere baitan gotortuta, azalpenik eman gabe" ikusten du Semperrek. Areago, horren iritzian, "aurrekonturik gabe, gehiengorik gabe eta ustelkeria kasuek mehatxatuta, aro modernoan Gobernuari eutsi ahal dion buruzagi bakarra da, azalpenik eman gabe, gainera". Semperren aburuz, "edozein presidentek hauteskundeak deituko lituzke" egoera horretan. 

Inbestidura bazkideak ere —EAJ, ERC eta Junts— estu hartu ditu PPko eledunak. "Koldo auzia"ren aurrean "erreakzionatzea kostatzen" ari zaiela uste du Semperrek. Dena dela, "gaur-gaurkoz isiltasuna dena erabateko lotsa izango da aste batzuk barru, erreakzionatu beharko dute", ohartarazi du. 

Albisteak (1)