Itxi

Zigorren kommutazioa

Zigorrak kommutatzeko legea onartutzat eman du Kongresuko Mahaiak, Estatuko Aldizkari Ofizialera bidalita

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko bazkideek, PSOEk eta Sumarrek, ganberako organo horretan duten gehiengoa baliatu dute, eta zerbitzu juridikoen txostena oinarri, testua berriro ez bozkatzea ebatzi dute.

Kongresua, artxiboko argazki batean. EFE

ETAko presoei Europan betetako zigorrak kommutatzeko aukera ematen dien lege erreforma onartutzat eman du gaur Diputatuen Kongresuak eta, horrenbestez, testua ez da berriro bozkatuko Behe Ganberan, PPren asmoa hori bazen ere.

Atzo gehiengo osoz —PPren, Voxen eta UPNren botoekin— baztertu zuen legea Senatuak, eta Pedro Rollan Senatuko presidenteak, interpretazio juridiko bat baliatuta, argudiatu zuen "betoa" zela, eta Kongresuan berriro bozkatu beharra zegoela. 

Horrenbestez, Kongresuko zerbitzu juridikoen teilatuan zegoen auzia, eta gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, gaur bertan ebaztea erabaki du Kongresuko Mahaiak —berez, datorren asteartean aztertzea zegokien—, iturri parlamentarioek jakinarazi dutenez. 

Kongresuko letratuen arabera, Senatuak legea gehiengo osoz baztertzea ez da "betoa", horretarako aurrez osoko zuzenketa aurkeztu beharra zegoelako (ezein taldek ez zuen halakorik egin). Bestela argudiatu zuten Senatuko abokatuek. Euren ustez, Goi Ganberak arau bat gehiengo osoz baztertzen badu, tartean zuzenketarik ez egonda ere, "betotzat" hartu behar da erabakia, eta Kongresuak berriro eztabaidatu behar du legea, hura gehiengo osoz onartzeko, edo bestela, betoa baieztatzeko. 

Kongresuko zerbitzu juridikoen txostena hartuta, organoan duten gehiengoa baliatu dute PSOEk eta Sumarrrek, eta legea onartutzat jo. 

Gauzak horrela, legea Estatuko Aldizkari Ofizialera bidali dute, argitara dezaten. Behin argitara emanda —litekeena da asteazkenean izatea—, indarrean sartuko da erreforma. 

Albisteak (1)