Itxi

Aurrekaririk gabeko erabakia

Gorenak Estatuko fiskal nagusia ikertuko du Ayusoren bikotekidearen informazioa zabaltzeagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Aurreneko aldia da Estatuko fiskalburu bat ikerketapean jartzen dutena. Garcia Ortizek jakinarazi du, ikerketa gorabehera, karguan jarraituko duela.

Auzitegi Goreneko fatxada. EITB Media

Auzitegi Gorenak Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren kontrako zigor auzia abiatzea erabaki du, sekretuak agerraraztearen ustezko delitua egotzita. Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen bikotekideak kereila aurkeztu zuen Garcia Ortizen kontra, fiskalak haren auzipetzearekin lotutako informazioa zabaltzeagatik.  

Aurrekaririk ez duen erabakia da honakoa, izan ere, sekula ez da Estatuko fiskalburu bat ikerketapean jarri. Ebazpena aho batez hartu du Gorenak. 

________________

FISKALTZAREN ADIERAZPENA: Garcia Ortizek ez du dimisioa emango

________________

Gonzalez Amadorrek auzitara jo zuen Madrilgo Fiskaltzak kaleratutako ohar informatibo baten kontura. Bertan, horren abokatuak eta Julian Salto fiskalak trukatu zituzten mezu elektronikoak irakur zitezkeen, eta horietan egindako zerga iruzurra aitortzen zuen Ayusoren bikotekideak. Garcia Ortiz fiskalburuak bere gain hartu zuen ohar hori kaleratzearen ardura. 

Goreneko Fiskaltza auzibidea zabaltzearen kontra azaldu zen. Argudiatu zuenez, Ministerio Publikoak argitaratutako ohar informatiboan aurrez hedabideetan azaldutako datuak ageri ziren, eta helburua zen auziaren inguruko informazio faltsuak gezurtatzea. 

Goreneko Zigor arloko Salak, ordea, ez du Fiskaltzarekin bat egin, eta Gonzalez Amadorren kereila eta Madrilgo Auzitegi Nagusiaren akusazioak aintzat hartu ditu. Ayusoren bikotekideak bertan aurkeztu zuen kereila, baina Garcia Ortiz foruduna zenez, Gorenera bidali zuen. 

Epaileen ustez, "itxura batean, ez zirudien informazioa legearen kontra zabaldu zenik, baina gerora Madrilgo Auzitegi Nagusiak egindako ikerketak eta Julian Saltoren deklarazioak agerian utzi zuten mezu elektronikoen trukea legearen kontra zabaldu zirela ohar informatiboa kaleratu baino ordu batzuk lehenago, eta email horiek Estatuko fiskal nagusiaren eta Madrilgo fiskalburuaren esku zeudela". 

Hala, Salak gogora ekarri du zenbait hedabidek email trukea kaleratu zutela Fiskaltzaren oharra argitaratu baino lehen, martxoaren 12an eta 13an. Gorenak argudiatu duenez, ikertu egin behar da "nola eskuratu zuten hedabideek informazioa". 

Gorenak Pilar Rodriguez Fernandez Madrilgo lurralde fiskalburua ere ikerketapean jartzea erabaki du. Rodriguezek oharra egiteko datuak bidali omen zizkion Garcia Ortizi. Rodriguez ez da foruduna (berez, forudunak epaitzeko eskuduntza du Gorenak), baina Auzitegiaren ustez, bi jarrerek —Estatuko fiskal nagusiarena eta Madrilgo fiskalburuarena— "lotura zuzena dute eta ezin dira bereiz ikertu".