Itxi

Espainia

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Auzitegi Gorenak Abalos ikertzea eskatu du, 'Koldo auzia' dela eta

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Funtzionario-eroskeria, eraginen trafikoa eta erakunde kriminala delituak egitea egotzi dizkio Fiskaltzak Garraio ministro ohiari. Ministerio Publikoaren idatzia Guardia Zibilak bidalitako azken txostenean oinarritu da.

Jose Luis Abalos Garraio ministro ohia, orain Kongresuko Talde Mistoan. Argazkia: EFE

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak uste du Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiaren aurkako delitu zantzuak daudela 'Koldo auzia' delakoan, eta Auzitegi Gorenera jotzeko eskatu dio epaileari, ikertu ahal izateko, foruduna baita.

Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez, Ministerio Publikoak txosten bat bidali dio Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari, Auzitegi Gorenari azalpen arrazoitua eman diezaion diputatuari eta ministro ohiari ikerketa zabaltzeko.

Hori egin du, iturrien arabera, Jose Luis Abalosi funtzionario-eroskeria, eragimen-trafikoa eta erakunde kriminala delituak leporatuta; pandemia betean, 2020an, musukoen kontratuen esleipen publikoan egon zitezkeen irregulartasunetan eta komisioetan ustez parte hartu zuelakoan.

Fiskaltzak hala erabaki du Ismael Moreno epaileak Kongresuari Abalos diputatua dela egiaztatzeko eskatu ondoren, Gorenari ikertzeko eskatu aurreko pauso gisa, Auzitegi Nazionalak ez baitu horretarako eskumenik.

Ministerio Publikoaren idatzia ez da oraindik jakitera eman, baina Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) igorritako azken txostenean dago oinarrituta. Txosten horren arabera, garraio ministro ohiak "zeregin nabarmena eta erantzukizuna" izan zuen 'Koldo auzia'n.