Euzko Alderdi Jeltzalea
EAJk gaur ekingo dio zuzendaritza berritzeko barne prozesuari
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iñigo Ansola eta Jone Berriozabal dira faborito Itxaso Atutxa (BBB) eta Jose Antonio Suso (ABB) ordezkatzeko, eta Joseba Egibarrek (GBB) bere etorkizuna argitu ez badu ere, Maria Eugenia Arrizabalagaren izena dago hautagai posibleen artean. EBBren zuzendaritzan, zehazteke dago Ortuzarren jarraipena.
Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) gaur hasiko du bere barne-hauteskunde prozesu luzea —ia sei hilabete dira— eta hura bukatutakoan, berrituta izango ditu lurraldeetako zuzendaritzak eta Batzar Nazionala, eta izendatuta EBBko zortzi kideak eta presidentea. Karguak zehazteaz gain, jeltzaleek hurrengo urteetarako ildo politikoa ere eztabaidatu eta ezarriko dute.
Azken hauteskundeetan babesa galdu ostean eta EH Bildu gertuago duela iritsi da hitzordura EAJ. Boto galera gorabehera, Jaurlaritzan, aldundietan eta Bilbon eta Donostian (Gasteiz sozialisten esku dago) botereari eutsi diote jeltzaleek.
Erakundeetan aurpegi berri ugari sartu ditu EAJk, eta aldaketa alderdi barrura ere iritsiko dela ematen du. Bi lurralde batzarretan —Bizkaia eta Araba— presidente berria izango da. Izan ere, Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJren presidenteak eta Jose Antonio Suso Arabakoak iragarrita dute ez dutela karguan jarraituko. Joseba Egibarrek (GBB) ez du argitu lurraldeko presidente izaten jarraituko duen. 33 urte daramatza arduran, eta badirudi agur esatea gertu duela. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez da aldaketarik izango, eta Unai Hualdek eta Peio Etxelekuk jarraituko dute NBBn eta IBB, hurrenez hurren.
Hautagai posibleak
Hiru izenek indarra hartu dute azkenaldian Atutxa, Suso eta Egibar ordezkatzeko: Iñigo Ansola, Jone Berriozabal eta Maria Eugenia Arrizabalaga. Dena dela, beste hainbat izan daitezke, EAJren barne hauteskundeak irekiak direlako, eta afiliatuek nahi beste hautagai proposatu ditzaketelako lehen fasean. Babes nahikoa lortzen duten hautagaiak bigarren fasera igaroko dira, eta azaroaren 18tik 24ra izango diren batzarretan aukeratuko dituzte behin betiko karguak.
Ansola (Markina, 1973) —Ortuzarrek berak "alderdikide bikaintzat" jo zuen— ibilbide luzea du erakundeetan (URAren eta Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari izandakoa da) eta alderdi barruan (Bizkaiko Lurralde Batzarreko eta Markinako EAJren presidentea da). Mondragon Korporazioko zuzendaritzan ere badago.
Berriozabal (Durango, 1982) bizkaitarra da sortzez, baina Arabako politikagintzan jardun du nagusiki. 15 urtez legebiltzarkidea izandakoa, Harreman Instituzionalen sailburuordea izan zen Urkulluren hirugarren agintaldian. Gaur-gaurkoz, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua da. Alderdi barruan, ABBko idazkari izan zen.
Arrizabalaga (Zumaia, 1967) jaioterrian hasi zen politikagintzan, eta bertako alkate izan zen. EBBko kide da gaur egun, eta legebiltzarkide izateari utzi berri dio Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJren bozeramaile lanei osoki heltzeko.
EBBa, 2025ean
Jeltzaleek datorren urteko urtarrilean helduko diote organo nagusia, Euzkadi Buru Batzarra (EBB), berritzeari. Andoni Ortuzar egungo presidenteak ez du argitu alderdiaren buruzagitzan jarraituko duen ala ez. Radio Euskadiri aitortu zionez, "duela asko" hartu zuen erabakia baina elkarrizketan ez zuen publiko egin nahi izan EAJren oinarrien erabakia "ez baldintzatzeko".
Hautatutako EBBko presidentea eta zortzi burukideak martxoan (29 eta 30) Donostian egingo duten Batzar Nagusian izendatuko dituzte, eta orduan amaituko da prozesua.
Dena dela, karguak berritzen dituzten bitartean, hurrengo urteetako bide-orria eztabaidatu eta bozkatuko ditu EAJk. Bost dokumentu dira guztira, hiru programatiko eta beste biak antolaketa ereduari buruzkoa.