Itxi

Ponentzia

EH Bilduk martxan du III. Kongresua, “lurralde eredu berriaren eztabaida” ardatz dutela

EITB Media

EH Bilduren kongresurako bidea hasi da gaur. Ponentzia aurkeztuta, eztabaida-prozesua izango da datozen asteetan. Bigarren epe batean erabakiko da koalizioaren egitura datozen urteetarako. Otsailaren 8an izango da azken batzarra, eta, ziurrenik, Arnaldo Otegi koordinatzaile izendatuko dute berriro.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bildu koalizioak otsailean egingo duen kongresurako ponentzia politikoaren oinarriak aurkeztu ditu. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak adierazi du Euskal Herriak "hirugarren eraldaketa nazionala" jarri behar duela martxan. Horren esanetan, "graduala izango da, eta pixkanaka eta mailaka egingo da, burujabetza prozesuan aurrera egiteko".

EH Bilduren III. Kongresurako prestatu den ponentzia politikoa Bergarako Olaso dorrean aurkeztu dute, Telesforo Monzonen jaiotetxean. Otegik leku sinbolikoa dela zehaztu du, Monzonek berak eta Jose Antonio Agirre lehendakariak bertan jolasten baitzuten.

Proposamen politikoaren tesiaren oinarrian bi egiaztapen daude, "bi porrot: eredu neoliberalarena eta Estatu eredu autonomikoarena". Agertoki  horrek eskatzen du, Otegiren arabera, politika neoliberalak gainditzeko estrategia eraginkorrak lehenbailehen aktibatzea eta estatu politiko berri bat adostea. Ponentzian, "hirugarren eraldaketa handia" egitea proposatzen da, besteak beste, "kontzientzia nazionala berreskuratzeko" eta "harreman eredu berriari" bide emateko.

Eredu berriak "herriak dituen subiranotasun beharrak asetu" behar dituela esan du Otegik, eta burujabetza prozesuan aurrera egiteko "akordio zabalak" egitea babestu du. "Herri akordio ahalik eta zabalenak eta anitzenak lortu behar dira, Euskal Herria nazio gisa aitortuz", gaineratu du. Otegiren ustez, urrats hori herri bezala negoziatu behar da "halako urratsak ezin baitira alderdi ikuspegi batetik negoziatu".

Euskal indarren arteko akordioei heltzeko orduan, EH Bilduren ustez "saihestezina da erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida, euskal lurraldeen eskubide historikoen eguneratzea" baita. "Ni konbentzituta nago akordio handi bat eraikitzeko aukera dugula orain", adierazi du Otegik, eta "lurralde bakoitzean jendeak bozkatzen duena errespetatu behar" dela esan du.

Independentzia azken helburua izanda, erabakitzeko eskubideak erdigunean egon behar duela uste du Otegik.

Arlo ekonomikoan, merkatua interbenitu behar dela eta politika publikoak administrazioak lideratu behar duela jasotzen du ponentziak. "Herriak subiranotasuna behar du, besteak beste politika antineoliberalak ezartzeko", esan du.

Epeak

EH Bilduk gaur aurkeztu duen prozesua giro lasaian egingo dela uste du Otegik, eta koalizioa "erabat indartuta" aterako dela.

EH Bilduren kongresurako bidea gaur abiatu da. Ponentzia aurkeztuta, eztabaida-prozesua izango da datozen asteetan. Ponentzia eta balizko zuzenketak abenduaren 19an, 20an eta 21ean bozkatuko dituzte.

Bigarren epe batean erabakiko da koalizioak zein egitura izango duen datozen urteetan. Fase hori urtarrilaren 19an hasiko da, eta otsailaren 8an amaituko da, Iruñean, azken batzar batekin. Bertan, Mahai Politiko berriaren bozketa egingo da, eta, ziurrenik, Arnaldo Otegi koordinatzaile izendatuko dute berriro.

Bideoak (1)