Itxi

Hispanitatearen eguna

Bi iruindarri kartzela-zigorra ezarri diete Espainiako bandera zeraman gizon bat erasotzeagatik

EITB Media

Leer en Castellano

Gertakariak Nabarreria plazan jazo ziren, 2022ko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, 18:30 aldera, "Indar errepresiboak suntsitu" lelopean Aske Antolakundeak deitutako mobilizazioa hasi behar zenean.

Aske Antolakundeak urriaren 12an egindako mobilizazioa Iruñean. Irudia: Aske Antolakundea

Iruñeko Zigor Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak urtebete eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri die bi pertsonari Espainiako bandera zeraman gizon bat erasotzeagatik. 2022ko urriaren 12an, Nafarroako hiriburuko Alde Zaharrean, Hispanitatearen Eguna zela-eta Espainiako bandera zeraman gizon batekin eztabaidatu zuten.

Gertakariak Nabarreria plazan jazo ziren, Hispanitatearen Eguneko 18:30ean, Aske Antolakundeak "Indar errepresiboak suntsitu" lelopean mobilizazioa hasi behar zuenean. Pertsona bat Espainiako bandera batekin agertu zen tokian, eta han bildutakoek probokaziotzat hartu zuten, eta hala aurpegiratu zioten. Epaileak ebazpenean adierazi duenez, manifestariak gizonaren "ideologia ezberdinekoak" ziren. Mobilizazioaren deitzaileek gizona Vox eskuin muturreko alderdiarekin lotzen dute.

Aldeek epaiaren aurkako helegitea jartzeko aukera dute Lurralde Auzitegian. Epaileak uste du diskriminazioaren astungarria dagoela auzian, "gizonaren aurka" erabilitako "larderiazko indarkeria fisikoagatik", "errudunetako batek ukabilkada bat eman nahi izan zion eta besteak bandera kendu, eta horren arrazoia Espainiako bandera bizkarrean eramatea zen".

Epaileak frogatutzat eman duenez, "bere burua mespretxatzeko eta arbuiatzeko asmoz, bere larru-koloreagatik eta bere ustez Espainiako banderak ordezkatzen zuen ideologiarekiko mespretxu eta arbuioagatik, auzipetuetako batek ukabilkada bat eman zion, eta ukabilkada hori saihestu ahal izan zuen; beste erruztatua, berriz, bandera kentzen saiatu zen bortizki, 'kanpora' oihuekin eta 'beltza' bezalako irainekin batera".

Epailearen ebazpenak jasotzen duenez, Espainiako bandera zeraman gizonak esan zuen "jota eta umiliatuta" sentitu zela berak nahi zuen lekura joaterik ez zuelako. Adierazi zuenez, "Espainian bakarrik gertatzen da norbait bere banderarekin ezin joatea".

Zigortuek, 31 urteko iruindarrek, 900 euroko kalte-ordaina eman beharko diote gizonari, eta ezingo dute 50 metro baino gutxiagora hurbildu 2 urte eta 9 hilabetez.