euskal erakunde-sarea
Pradalesek euskal administrazio publikoen eraginkortasuna hobetzeko prozesua irekiko du azaroan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Desburokratizazioa, sinplifikazio administratiboa eta administrazio digitala bultzatu nahi ditu lehendakariak euskal erakunde guztietan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Imanol Pradales lehendakariak ostiral honetan iragarri duenez, azaroan euskal erakunde-sarearen "eraginkortasuna eta efizientzia" hobetzeko prozesua abiatuko dute, foru aldundiekin eta euskal udalekin batera.
Horren esanetan, prozesua azaroaren 13an hasiko da, Ajuria Enean, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiekin, Eudeleko presidentearekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin.
Pradalesek nahi du bilera horrekin euskal erakunde-sistemaren "eraginkortasuna eta efizientzia" hobetzeko bide bati ekitea, euskal erakunde guztietan desburokratizazioa, administrazio-sinplifikazioa eta administrazio digitala bultzatuz.
"Guztion artean euskal administrazio arinagoa, azkarragoa eta lehiakorragoa eraikitzea bilatuko dugu, XXI. mendera egokitua, herri honetako zerbitzu publikoa eta pertsonentzako arreta hobetuko dituena", azaldu du Joseba Diez alderdikidearen galdera bati erantzunez, kontrol saioan.
Lehendakaria ziur agertu da prozesu hori irekitzearekin batera euskal sistema instituzionalek "etorkizuneko herri erronkei erantzun egokia emateko gaitasuna erakutsiko dutela".
"Hor jarriko ditugu gure indar guztiak", azpimarratu du Pradalesek, eta euskal sistema "ona eta eraginkorra" dela azpimarratu du, baina orain, Gernikako Estatutua onartu zela 45 urte bete direnean, "autoexigenteak" izateko beharra dagoela esan du, hainbat eremutan izaten ari diren "aldaketa sakonen" aurrean "aitzindari" izaten jarrai dezan.