Indarkeria matxista
Yolanda Diazek aitortu du "berandu" iritsi zirela Errejon auzian, eta barkamena eskatu du
EITB Media
Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du ez dagoela "batere" ados Errejonek publikatutako gutunarekin, eta publikazio hori "matxista" dela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buruak aitortu egin du bere alderdia "berandu" iritsi dela Iñigo Errejonen auzian, eta barkamena eskatu du.
Errejonek dimisioa eman zuen ostegunean, zenbait emakumek jarrera matxistak edukitzea eta sexu erasoak egitea egotzi eta gero.
Diaz Sumarreko diputatuekin batzartu da Kongresuan, eta ondoren agerraldia egin du. Horretan, azpimarratu du "irmo" jokatu zutela Errejonen aurkako akusazioen berri izan zutenean.
Era berean, Diazek nabarmendu du ez dagoela "batere" ados Errejonek "aldebakarrez" publikatutako gutunarekin, eta hura "matxista" izan zela erantsi du.
Bestalde, Sumarren buruak zehaztu du Errejon "48 orduan" kanporatu zutela alderditik. Horren esanetan, asteartean (urriak 22) Kongresuan agerraldia egin ondoren jakinarazi zioten Cristina Fallaras kazetariak publikatutako testigantza, eta hurrengo egunean, arratsaldean Espainia-Portugal goi-bileran parte hartu eta gero, telefonoz deitu zion Errejoni. Solasaldi horretan, bozeramaile ohiak aitortu egin zion gertatutakoa. "Nire bizitza osoko solasaldi zailenetakoa izan zen", ekarri du gogora Diazek.
Une horretan bertan, kanporatzea iragarri zion Diazek Errejoni, betiere presidenteordearen esanetan, baina diputatu ohiak gutun bat publikatu zuen ondoren, sare sozialetan.
Iazko ekainean sare sozialetan publikatu zen akusazio anonimoaren inguruan, Diazek azaldu du ez zuela esku hartu Podemosek eta Mas Madridek esan ziotelako ikerketa abiatu zutela, baina itxi egin zutela. "Ez dut ezer gehiago jakin horri buruz, harrezkero", berretsi du.