EUSKO JAURLARITZA
Poliziaren indakeriaren 93 biktima gehiago aitortzea proposatu du Legebiltzarrak, balorazio batzordearen bidez
EITB Media
Hala ere, batzordeak ohartarazi du txostena azkenengoa izan daitekeela. Izan ere, lanak gelditu egin behar izan dituzte, auzitegiko mediku faltagatik.
Poliziaren indakeriaren 93 biktima gehiago aitortzea proposatu du astearte honetan Legebiltzarrak, kasu horiek aztertzeko beren-beregi sortutako batzordearen bitartez. Biktimen Errekonozimendua eta Erreparazioa aztertzeko Batzordea martxan jarri zenetik landutako laugarren txostenean jaso dira kasuok. Dena dela, batzordeak ohartarazi du txostena azkenengoa izan daitekeela. Izan ere, lanak gelditu egin behar izan dituzte, auzitegiko mediku faltagatik.
Txostenaren arabera, 93 biktimetatik 75ek tratu txarrak edo torturak jasan zituzten, eta Estatuko segurtasun indarrek bederatzi pertsonari bala-inpaktuak eragin zizkieten: horietatik sei hil zituzten eta hiruri lesio larriak eragin.
Halaber, sei pertsonak polizia-erasoa jasan zuten istilu edo manifestazioetan, eta pertsona batek eraso larria jasan zuen bahitua izateko saiakera batean.
Zortzi hildakoetatik bi poliziaren zaintzapean zeuden, bat poliziaren autoan zihoan eta bat polizia-etxean zegoen; bi pertsona larri zauritu zituzten talde parapolizialen bonba-atentatuetan. Talde parapolizialen biktimak, guztira, lau izan dira. Lehenengo biak adierazitako bonba bidezko atentatuaren biktimak, eta, beste biak, su-armen tiroek jota.
Juana Balmaseda abokatuak eta Jon Mirena Landa irakasleak Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legeak sortutako Balorazio Batzordearen urteko txostena aurkeztu dute.
Bestalde, Balorazio Batzordeak salatu du iragan uztailean txostena idatzi ondotik, espediente berriak ebazteko gaitasuna geldiarazteko fasean dagoela.
"Une honetan ez dago auzitegiko medikuen talderik, eta Batzordea lehen aldiz gelditu da lau urtean, haien irizpenak beharrezkoak direlako espediente guztietan", adierazi du batzordeak.