Itxi

Goialdeko Borraska

Valentziako Justizia kontseilariak ez zuen mugikorreko alerten sistemaren berri goialdeko borraskaren egunean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Salome Pradasek, larrialdien arloko eskumenak dituenak, adierazi duenez, teknikari batek eman zien urriaren 29ko 20:00etan herritarrei abisua emateko sistemaren berri. Dena dela, Ser irrati kateak audioa zabaldu du bertsio hori gezurtatzeko: larrialdi zentroan 19:15ean aritu ziren bidalketaz.

Paiporta, uholdeen ostean. Argazkia: EFE

Salome Pradas Valentziako Justizia kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, teknikari batek eman zien urriaren 29ko arratsaldean herritarrei abisua emateko Es-Alert sistemaren berri.

Alarma horrek Valentziako probintziako telefono mugikorretan jo zuen 20:00ak pasatxo zirenean, Poyo ibaiaren amildegiak gainezka egin eta Valentzia hegoaldeko herri asko urez betetzen ari zirenean.

Valentziako telebista publikoan egindako adierazpenetan, Pradasek esan du "19:00ak arte" ez zietela ezer esan "Poyoko euri-bideari buruz", eta 20:00etan jaso zuela Trantsizio Ekologikoko Estatu idazkariaren deia, Foratako presa lehertu zitekeela ohartarazteko.

"Orduan, teknikari batek jakinarazi zigun Es-Alert izeneko mekanismo bat dagoela; hori ez dago araututa, eta ez dago gure plan autonomikoetan; oraindik zirriborro bat da, eta babes zibileko batzorde nazionalean dago onartzeke", adierazi du Pradasek.

Hala, Foratako presari buruz jasotako ohartarazpenaren ondorioz erabaki zuten Es-Alert hori aktibatzea. Erabaki hori, esan duenez, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuak (CECOPI) hartu zuen, zeinak larrialdia koordinatu zuen, "teknikariek aholkatuta".

Generalitateak emandako pauso bakoitza Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) eta Jucarreko Konfederazio Hidrografikoak (CHJ) egindako "txostenetan eta informazioan oinarrituta" egin zuela defendatu du kontseilariak.

"Informazioa ez bagenuen, ezin genuen ezer egin", esan du, eta informazioa e-mailez baino ez zietela eman kritikatu du. Gainera, Poyo amildegiak gainezka egingo zuela ohartarazten zuena gainezka egin zuenean iritsi zela deitoratu du.

Pradasen bertsioa gezurtatu dute audio batekin

Kontseilariak adierazpenak egin eta biharamunean, CECOPI larrialdiari aurre egiteko zentroan izandako bilera baten audio bat kaleratu du Ser irrati kateak. Elkarrizketan, 19:15ean grabatua,  Pradas kontseilaria, Pilar Bernabe Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaria eta teknikari bat (identifikatu gabea) entzuten dira hizketan. 

Audioan entzun daitekeenez, ordu horretan jada mugikorretara alerta bidaltzeko aukera mahai gainean zegoen, eta egoeraren larriaz jakitun ziren. 

Mazon, bazkari batean larrialdiaren bitartean

Zenbat eta gehiago jakin, are eta estuago dago Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea. Uholdeen egunean turismoari lotutako sari bat jaso zuen, eta, ondoren, bazkari batera joan zen, pribatua; berak, aldiz, dio lan-bazkaria zela.

ElDiario.esek dio larrialdiaren ardura zuen kontseilaria, Pradas, bera deika egon zen arratsaldean, alferrik. Hala, Mazon ez zen larrialdi-batzordera 19:30ak arte azaldu, Foratako urtegia lehertu zenean, eta ordurako Paiportako alkateak abisatu zien zer zetorren.