Itxi

Kontrolerako saioa

Lehendakaria Bruselara joango da azaroaren 19an "erabakiak hartzen diren mahaian euskal ahotsa entzun dadin"

EITB Media

Leer en Castellano

Trumpen garaipenaren ondotik EBk dituen erronkez Pello Otxandianok (EH Bildu) egin dion galdera bati erantzunez egin du iragarpena Pradalesek. Aitortu duenez, "Euskadi globala dago jokoan" eta Jaurlaritzaren "betebeharra da Europaren berreraikitze horretan parte aktibo izatea".

Pradales, agerraldiaren une batean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Imanol Pradales lehendakariak iragarri duenez, azaroaren 19an Bruselara bidaiatu du "euskal ahotsa erabakiak hartzen diren mahaian entzun dadin".

AEBko hauteskundeak Donald Trumpek irabazi dituela-eta Europar Batasunak nazioartean izan behar duen indarraren eta paperaren eztabaida bete-betean dagoela heldu da iragarpena. 

Imanol Pradalesek nazioartean lehendakari gisa egingo duen lehen bidaia izango da. Lehendakaritzatik zabaldu dutenez, Europako erakundeetako ordezkariekin biltzeko asmoa du Pradalesek, baina oraindik agenda ixten ari dira. 

Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan egin ditu hitzok, Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez. Koalizio abertzalearen buruzagiaren ustez, Trumpen garaipena "albiste txarra da", eta horren aurrean, Euskadik badu testuinguru horretan "herri ikuspegian irabazteko aukera". Hala, lehendakariari itaundu dio ea zein ekimen prestatu dituen "euskal erantzuna artikulatzeko". 

"Gure betebeharra da Europaren berreraikitze horretan parte aktiboa izatea", argudiatu du lehendakariak; izan ere, horren ustez, "Euskadi globala dago jokoan". 

Pradalesen hitzetan, "herri txikia gara baina ez indarrik gabeko periferia bat", eta hala, "euskal ahotsa" entzunarazi behar da "erabakiak hartzen diren mahaian".