Itxi

Foru Aldundiak

Hauek dira EAEko hiru aldundien zerga-erreformak etxebizitzaren arloan proposatu dituen neurriak

EITB Media

Leer en Castellano

Kenkariak eta hobariak handitzen dituzten neurriak hartuta, hiru aldundiek etxebizitza-merkatuaren zailtasunak arintzea eta alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzea dute helburu.

Hainbat etxebizitza eraikitzeko lanak, Bilbon. Argazkia: EFE

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek erreforma fiskalaren proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur, eta, besteak beste, hainbat neurri proposatu dituzte EAEn etxebizitza eskuratzea sustatzeko, hala nola hobariak PFEZan.

Etxebizitza alokatzen duten jabeentzako pizgarriak

• Ohiko etxebizitzaren alokairua denean, % 30eko hobaria lortutako etekinetan, kapital-interesengatiko kenkariekin eta errentak ez ordaintzeko aseguru-primekin batera.

• % 50eko hobaria alokairua etxebizitza-plan autonomikoen, foralen edo udalen bidez egiten bada.

• Bizitegi-eskari handia duten eremuetan eta gune tentsionatuetan, etxebizitza bat lehen aldiz alokatzen duten edo bost urtez errentan jarri gabe egon diren jabeek % 50eko hobaria lortuko dute.

• Alokairu turistikoa eta sasoikoa denean, higiezin bakoitzaren etekinen gaineko % 20ko hobaria mugatuko da, eta inbertitutako kapitalen interesetan kenkari mugatuak izango dituzte.

Maizterrentzako zerga-onurak

• Kenkari orokorrak % 20koa jarraituko du ohiko etxebizitzen alokairuan, urteko 1.600 euroko mugarekin.

• Kenkari zabaldua kolektibo kalteberentzat: 36 urtetik beherako gazteek, guraso bakarreko familiek, % 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktimek % 35eko kenkaria izango dute, urtean 2.800 euroko mugarekin.

•  Foru aldundiek proposatuko dute etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria kentzea, zergadunaren errenta 85.000 eurotik gorakoa denean.

Ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkariak

• Kenkari zabaldua kolektibo kalteberentzat: 36 urtetik beherako gazteek, guraso bakarreko familiek, % 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktimek % 23ko kenkaria izango dute.

• 36 urtetik beherakoek mugarik gabeko kenkaria jaso ahal izango dute ohiko etxebizitza erosten den lehen urtean, eta 8.500 euroko muga kenduko da.

• Etxebizitza-kontuetan aurrezkia erabiltzeak epea sei urtetik hamar urtera luzatzea ahalbidetuko du, eta kenkaria % 18tik % 23ra igoko da.

• Ohiko etxebizitza erosteko senideen dohaintzak Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira, muga zehatz bateraino.

•  Foru aldundiek proposatuko dute etxebizitza erosteagatiko kenkaria kentzea, zergadunaren errenta 85.000 eurotik gorakoa denean.

Errentan hartutako etxebizitza birgaitzeagatiko kenkaria

• Higiezinak birgaitzeko obrak egiten dituzten jabeek gastuen zat bat kendu ahal izango dute, higiezina ohiko etxebizitza alokatzeko erabiltzen bada.

Albisteak (1)