Itxi

Aurrekontuak

PP Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko prest; Sumarrek, berriz, baztertu ditu, "zaharrak" direlakoan

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak bilera sorta hasi du oposizioko taldeekin, aurrekontuetan akordio bat lortze bidean. Dena dela, EAJk eta PSE-EEk osatutako taldeak gehiengo nahikoa du kontuak bakarrik onartzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PP prest agertu da Eusko Jaurlaritzak proposatutako 2025erako aurrekontuak onartzeko, baldin eta Segurtasun eta Osasun sailetara diru gehiago bideratzen bada. Bi sailetarako % 7ko igoera proposatu dute popularrek, proiektuan aurreikusitakoa baino 177 milioi gehiago. Bestalde, Sumarrek erabat baztertu ditu kontuak, "zaharrak" direlakoan.

Eusko Jaurlaritzak bilera sorta hasi du oposizioko taldeekin, aurrekontuetan akordio bat lortzeko asmoz. Hala ere, EAJren eta PSE-EEren gobernu-taldeak gehiengo nahikoa du kontuak bakarrik onartzeko. Astelehen honetan, Sumarrekin eta PPrekin bildu da.

Nöel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin ordubeteko bilera egin ondoren, Javier de Andres EAEko PPko presidenteak esan du aurrekontuen proiektuan "deigarria" dela herritarrentzat funtsezkoak diren bi sailen egoera, hala nola Segurtasunarena eta Osasunarena.

2024an Segurtasun sailera biedratutako aurrekontua 790 milioikoa izan zela ohartarazi du, eta 2025ekoa 796 milioikoa; hau da, jatorrizko aurrekontuaren gaineko igoera % 0,75ekoa dela. Ildo horretan, De Andresek eskatu du Segurtasunak berdindu ditzala aurrekontuaren % 4,7ko igoera orokorra eta 2025eko KPIaren igoera ( % 2,3), % 7, alegia. Gauzak horrela, Segurtasuneko aurrekontua 845 milioikoa izango litzateke, aurrekontuan jasotakoa baino 49 milioi gehiago.

Osasunari dagokionez, 2024ko jatorrizko aurrekontua 4.900 milioikoa da, eta 2025ekoa, 5.115 milioi eurokoa, % 4,39 gehiago. Popularrek uste dute "Osasunaren Mahaian euskal osasunaren premia larrien ondorioz" berdindu egin beharko litzatekeela aurrekontuen % 4,7ko igoera orokorra eta 2025ean KPIaren igoera (% 2,3). Beraz, bere kalkuluen arabera, Osasunaren aurrekontua 5.243 milioikoa izan beharko litzateke, hau da, aurrekontuan aurreikusitakoa baino 128 milioi gehiago.

Euren proposamena entzun eta jaso ondoren, sailiburuak galdetu die pentsatu ote duten diru hori nondik atera edo zeri kendu, baina popularrek ez dute erantzuten jakin. Nolanahi ere, Jaurlaritzak azpimarratu du aztertuko duela eta negoziazio-proposamen bat egingo diela.

Bere aldetik, Jon Hernandez Sumarren legebiltzarkideak esan du deigarria iruditu zaiela aurkezpen ekitaldian Jaurlaritzak "Euskadi berria" aipatu izana, bere ustez, aurrekontu "zaharrak direlako, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan onartzen dituenen oso antzekoak".

Talde ezkertiarrak duen legebiltzarkide bakarrak azaldu duenez, oraingoz ez dituzte babestuko, "horiek ez direlako Euskadik behar dituen aurrekontuak", baina proposamenak bidaliko dizkiote Jaurlaritzari, zazpi politikatan funtsezko aldaketak egon daitezen.

Hauek dira arloak: etxebizitza, Osakidetza, hezkuntza publikoa, klima-aldaketaren aurkako borroka, garraioa eta bizitzaren kostuaren gorakadari aurre egiten laguntzeko zeharkako hainbat politika. "Gobernua ez dugu oso gertu ikusi, bi aldeek aitortu dugu distantzia handia dagoela", nabarmendu du Hernandezek. Hala eta guztiz ere, sailburuak proposamenak aztertzeko "erabateko prestutasuna" agertu dio.

Gobernuaren erantzunaren zain, Sumarrek osoko zuzenketa bat aurkeztuko du, Hernandezek aurreratu duenez.

Aurrekontuen bilera-sortak bihar, asteartea, jarraituko du, EH Bildurekin. Vox bilera horietatik kanpo geratu da.

Bideoak (1)