Lan-baldintzak
Lanaldia murrizteko babesa eskatu diete CCOOk eta UGTk EAJri eta EH Bilduri
Agentziak | EITB MEDIA
EAJk "azken ahalegina" eskatu die bi sindikatuei CEOE patronalarekin akordioa adosteko. Bestalde, EH Bilduk lanaldia murrizteko proposamenari babesa adierazi dio.
Unai Sordo CCOOren idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTren idazkari nagusia Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin eta Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiarekin bildu dira gaur, lanaldia legez murrizteko "beharrari" buruz proposamenak aurkezteko eta indar politikoen babesa jasotzeko.
Bilerak Bilbon eta Donostian izan dira, hurrenez hurren, eta CCOOk eta UGTk talde politikoekin hasitako bilera-sortaren parte dira, CEOE patronalak lanaldia murrizteko legedian aurrera egiteko akordio bati uko egin ondoren.
EAJk "azken ahalegina" eskatu die CCOOko eta UGTko idazkari nagusiei CEOErekin lanaldia legez murrizteko ituna ixteko. Sindikatuek, aldiz, alderdi jeltzaleak izan duen "sintonia" baloratu dute.
Sindikatuen buruek EAJren arduradunekin hasi dute talde politikoekin iragarritako bilera-sorta, patronalak lanaldia legez murrizteko akordio bat adosteari uko egin ostean.
Goizean egindako bileran, EAJren aldetik, Andoni Ortuzar, Aitor Esteban eta Joseba Aurrekoetxea izan dira, eta sindikatuen aldetik, EAEko CCOO eta UGT sindikatuen idazkariak, Loli Garcia eta Raul Arza, hurrenez hurren.
Bilera ordu eta erdiz egin dute, eta EAJk "azken ahalegina" eskatu die sindikatuei Espainiako Gobernuarekin eta CEOErekin negoziazio mahaian akordio bat lortzeko, "Gorteetara iristen den testuak ahalik eta adostasun eta babes handiena izan dezan".
EAJko ordezkariek konpromisoa hartu dute alderdiari bidal dakiokeen edozein proposamen "sakon" aztertzeko, langileen lan-baldintzak hobetzea enpresen antolamendu eta bideragarritasun ekonomikoarekin bateragarri egiteko.
Sindikatuen buruzagiak, bestalde, pozik atera dira jeltzaleekin izandako bileratik, alderdiaren "planteamenduetan sintonia eta prestutasun handia" ikusi dutelako, Sordoren arabera.
Euskal alderdiak hiruko akordio baten alde egindako eskaeraren aurrean, sindikatuak negoziatzeko prest agertu dira, baina, Pepe Alvarezen iritziz, "denbora amaitu da, legealdia aurrera doalako", eta sindikatuek neurria onartzea nahi dute.
Unai Sordok uste du sindikatuek ere nahiago dutela akordioa adostu, baina orain, erantsi duenez, ez dute "egingarri" ikusten, CEOEren ezezkoaren ostean, eta "EAJ jakitun da".
Alvarezek argudiatu duenez, "40 orduko lanaldiak 41 urte baino gehiago ukitu gabe eman ditu", eta "teknologiak aldaketak egitea ekarri beharko luke". Azpimarratu duenez, lanaldia 37 ordu eta erdira murriztea beharginek "asko nahi duten aldarrikapena da".
Sindikatuen buruek antzeko bilera egin dute arratsaldean EH Bildurekin, eta koalizio subiranistak Sordori eta Alvarezi esan die beharrezkoa dela "Euskal Herriko ezaugarri sozioekonomikoekin bat datorren" gutxieneko soldata bat ezartzea, eta, aldi berean, babestu egin du lanaldia murrizteko proposamena, indar politikoak berak ohar batean jakinarazi duenez.
Gainera, EH Bilduk azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoan badagoela "lanaldia 32 ordura murrizteko proposamen bat", eta horretarako "Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proba pilotuak" egiten ari direla.
Otegirekin izandako bileraren ostean egindako agerraldian, Sordok "balorazio positiboa" egin du. Bertan, sindikatuek EH Bilduri adierazi diote "beharrezkoa dela gehiengo politikoa lortzea, lanaldia 37,5 ordura murriztea bermatzeko, eta, printzipioz, alderdi subiranistaren jarrera" guztiz aldekoa izan da".
Bestalde, Alvarezek nabarmendu du bilera "oso emankorra" izan dela, EH Bilduk "benetan ildo horretan eta jarrera horretan" dagoela esan duelako, nahiz eta 37,5 orduko lanaldia "ez den azken helburua, baizik eta beste urrats bat Europara, 32 ordura, hurbilduko gaituen lanaldiaren murrizketara aurrera egin behar den prozesu batean", gaineratu du.