Itxi

ARABAKO BATZAR NAGUSIAK

Arabako Batzar Nagusietan ere bat egin dute EH Bilduk eta EAJk, erabakitzeko eskubidearen defentsan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan egin zuten bezala, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Euskal Herriak estatus politiko berria izan dezan exijitzen dituen testu bat onartu dute Araban. PSE-EEk, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute, eta Elkarrekin Araba abstenitu egin du.

Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietan. Artxiboko irudia. EFE

Arabako Batzar Nagusietan ere bat egin dute EH Bilduk eta EAJk, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Euskal Herriak estatus politiko berria izan dezan aldarrikatzeko. Onartutako dokumentuak, besteak beste, nazio aitorpena, erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekin aldebiko harremana exijitzen ditu. Duela aste batzuk, eskaera bera onartu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusiek.

EH Bilduk eraman zuen ekimena ganberara, eta gaur EAJrekin adostutako testua onartu da, bi taldeon botoekin. Beste lurraldetan bezala, Arabako osoko bilkuran agerian geratu dira erakunde nagusienetan gobernukide diren EAJk eta PSE-EEk gai honen inguruan dituzten desadostasunak. Aurka bozkatu dute PSE-EEko, PPko eta Voxeko batzarkideek, eta Elkarrekin Arabakoak abstenitu egin dira.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko kidea pozik agertu da, Batzar Nagusiek  estatus politiko berriari emandako "babesarekin", eta ganberaren gehiengo subiranista baliatzea eskatu du,  "herri honek duen ahalmenari etekina" ateratzeko. 

Bere aldetik, Iñaki Ruiz de Galarreta jeltzaleak nabarmendu du Estatutua betetzeak "aurrerapena" ekarriko duela, eta legea betetzea defendatzen duten alderdi konstituzionalistei gogorarazi die "45 urte bete gabe daramatzan lege bat" dela Gernikako Estatutua.

Josu Lopez Ubierna sozialistak, berriz, azaldu du EAEko herritarrek duten erabakitzeko eskubidea hauteskunde autonomikoetan egikaritu zutela. Halaber, azpimarratu du kanpainan estatus berriaren gaiari abertzaleek ez ziotela apenas tarterik eman.

Ildo beretik hitz egin du Iñaki Oyarzabal Popularrak ere. Esan du Soziometroaren azken inkestaren arabera 2014tik 30 puntu egin duela behera euskal gizartearen independentzia nahiak.

Azkenik, Elkarrekin Arabako David Rodriguezek erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuaren baitako nazio aniztasuna babestu bai, baina EH Bilduren jarrerarekin ez duela bat egiten argitu du, "harago doalako".