Itxi

MENDEBALDEKO SAHARA

Arabako elkarte batekin lankidetzan aritzen zen saharar baten hilketa salatu dute Marokoren eraso batean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Mohamed Ali da hildakoa, eta Gazuaniko tailer mekaniko batean egin zuen lana. Sahara mendebaldean laguntza humanitarioa emateko ibilgailuak egokituz laguntzen zien gobernuz kanpoko erakundeei.

Tinduf, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

Arabako SAEDen Lagunen Elkarteak salatu du eurekin lankidetzan aritzen zen saharar bat hil duela Marokoko Armadak Tindufen. Gobernuz kanpoko erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, anbulantzia baten barruan zihoan Mendebaldeko Saharako lurretan, drone batekin ibilgailuari eraso ziotenean.

Mohamed Ali da hildakoa eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan dagoen tailer mekaniko bateko biltegiko arduraduna zen. Laguntza humanitarioa banatzeko ibilgailuak konpontzen eta mantentzen dituzte tailer horretan, eta euskal erakundeek diruz laguntzen dute.

Gertatutakoa gaitzesteaz gain, elkarteak adierazi du ez dela antzeko egoeratan gertatzen den lehen heriotza, eta Estatu espainiarrari "konplize" izatea leporatu dio, "Marokori aire eremua" uzteagatik. "Beste behin ere, egiaztatu ahal izan dugu Marokok militarrak zein zibilak bonbardatzen dituela bereizketarik egin gabe, Mendebaldeko Saharako aire-espazioa erabiliz", esan dute oharrean.

Sahara Mendebaldeko gatazka konpontzeko, "nazioarteko zuzenbidea betetzea" eta "autodeterminazio erreferenduma egitea" aldarrikatu ditu Arabako SAEDen Lagunen Elkarteak. "Horixe baita denboran alferrik luzatzen ari den eta saharar herriarentzat ondorio larriak dituen gatazkari amaiera emateko bide bakarra", gehitu du.