Itxi

Polemika

Jaurlaritzak espetxeetako kultura emanaldiei baldintzak gogortzea erabaki du Muguruzaren kontzertuaren ondotik

EITB Media

Leer en Castellano

"Biktimak minduta ez sentitzea" omen da Justizia Sailaren helburua. Abeslariak erabakia harriduraz hartu du, EITBri esan dionez, "21 urte dira Eusko Jaurlaritzak adierazpen askatasunaren aldeko adierazpen instituzionala egin zuela".

Cárcel de Martutene. Imagen: EITB

Hautsak harrotu ditu asteburuan Fermin Muguruzak Martuteneko kartzelan egin zuen kontzertuak. Sarri, Sarri abestu zuen. Kortatu taldeak 1985ean egin zuen abestia, eta Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandia ETAko kideen ihesa du oinarri. Biek Martutenetik egin zuten ihes.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak zenbait kexa jaso ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko presondegietan egin behar diren kultura emanaldiei baldintzak gogortzea erabaki du. "Biktimak minduta ez sentitzea" omen da Maria Jesus San Jose buru duen Sailaren helburua.

Fermin Muguruzak erabakia harriduraz hartu du. EITBri esan dionez, "21 urte dira Eusko Jaurlaritzak adierazpen askatasunaren aldeko adierazpen instituzionala egin zuela", La Pelota Vasca filmak jasandako zentsuragatik Medemi elkartasuna adieraziz, baita Muguruza berari ere, hain zuzen ere "Sarri, Sarri" abestia dela eta bertan behera utzitako kontzertuengatik.

Sarri, Sarri larunbatean entzun zen lehen aldiz Martuteneko kartzelan. Auzokideek grabatutako bideoa biralizatu eta Fermin Muguruzak berak zabaldu zuen "debekuaren madarikazioa apurtu" zutela aldarrikatuz.

Justizia Sailak zenbait kexa jaso ditu, eta espetxeetan jotzeko eskakizunak zorroztea erabaki du. San Joseren Saileko iturriak daude Sarri, Sarri entzunda, biktimak minduta senti daitezkeela.

Beraz, hemendik aurrera kartzelatako kultura jarduera orok "biktimak ez mintzeko konpromisoa" bete beharko du.

Orain arte, kartzela batean jotzeko muga bakarra aurrekari penalik edo polizialik ez izatea zen. Hala ere, jasotako kexen ondoren eskakizunak zorroztu egingo dira.

"Edozein proposamen kulturalek balioak errespetatzeko, presoak gizarteratzen laguntzeko eta, garrantzitsuena, biktimak ez iraintzeko konpromisoarekin iritsi behar duela eskatuko da", zehaztu dute iturriek.

Ildo horretan, Justizia Sailak deitoratu egin du larunbateamn gertatutakoa, eta barkamena eskatu die Sarri, Sarri abestia entzun ondoren irainduta sentitu diren biktima guztiei.