Biktimak
Cabacas sendiak zuzenketa eskatuko dio Bilboko Udalari, Atalase eskultura multzoan Iñigori emandako lekuagatik
EITB MEDIA
ETAren eta indarkeria politikoaren biktimak omentzeko gunea inauguratu berri du Udalak, eta Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batek hildako gaztearen izena aparteko zerrenda batean kokatu du ("Behar beste argitu ez diren kasuak"). Kasua argituta dagoela nabarmendu du Goirizelaia abokatuak.
Iñigo Cabacas Lizeranzu 2012an Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zen gaztearen familiak zuzenketa eskatuko dio Bilboko Udalari Atalase eskultura multzoan hari emandako lekuagatik, Euskadi Irratiak jakin duenez.
Eskultura eremua atzo inauguratu zuen Udalak, Guggenheim eta Arte Ederren museoaren artean. Artelanaren helburua da "terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak gogorarazi eta omentzea", Bizkaiko hiriburuko udal gobernuak nabarmendu duenez. Hala, ETAk, GALek eta estatu indarkeriaren beste talde batzuek eragindako biktimen izenak ageri dira eskulturaren azpialdean. Iñigo Cabacasen izen-abizenak aparteko multzo batean jarri dituzte, "behar beste argitu ez diren kasu" gisa aurkeztuta.
Jone Goirizelaia Cabacas sendiaren abokatuak Euskadi Irratian salatu duenez, epai batek baino gehiagok jo du frogatutzat kasua, alegia, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek eragin ziola heriotza; azkena, 2021ean, Auzitegi Gorenak berak.
Atalase eskultura multzoan emandako tratuagatik "birbiktimizatuta" sentitu da Cabacas Lizeranzu familia, eta Bilboko Udalaren "enpatia ezagatik, suminduta", abokatuak azpimarratu duenez.
Bilboko Udaleko iturriek Euskadi Irratiari azaldu diotenez, Eusko Jaurlaritzaren 2014ko "Memoriaren Koadernoak" hartu dituzte oinarri Iñigo Cabacasen kasuaren epigrafea jartzeko. Jaurlaritzak dio, bestalde, txosten hori eguneratu gabe dagoela, eta gertatutakoa Bilboko Udalaren erantzukizuna dela, ekitaldia berak antolatu duelako. Aipatzekoa da "Memoriaren Koadernoak" delakoen webgunea gaur goizean desaktibatu duela Jaurlaritzak.
Ingurumari horretan, "nahita egindako akats baten aurrean" gaudela salatu du Ainara Esteran Egiari Zor Fundazioaren bozeramaileak. Esteranen hitzetan, Jaurlaritzak "Memoriaren Koadernoak" osatu zuenetik, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako legeak bere ibilbidea egin du eta txosten horrek jasotzen dituenak baino kasu gehiago daude aitortuta gaur egun. Tartean dago, adibidez, Atalase eskultura multzoan jaso ez duten Mikel Martinez de Murgia bilbotarraren kasua ere.