AKORDIOA
Itun historikoa itxi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, Iruñeko Erorien Monumentua eraldatzeko
EITB MEDIA
Ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute.
Akordio historikoa itxi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, Iruñeko Erorien Monumentua eraldatu eta beste esanahi bat emateko. Espainiako Gerra Zibilean Frankismoaren alde borrokatuz hil ziren nafarren oroimenez 1941ean eraikitako monumentu bat da. Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroa izango da etorkizunean.
Eguerdian eman dituzte akordioaren xehetasunak, hiru taldeotako ordezkariek elkarrekin egin duten agerraldian. Eraikinaren "ikur eta elementu frankista guztiak" eraitsi, eta "faxismoaren aurkako eta memoria demokratikoaren aldeko" zentro bat abian jartzea da adostu dutena.
Besteak beste, kupula sinbolikoa estali egingo da eta Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral kolpisten hilotzak hartu zituzten kriptak kendu egingo dira. Beraz, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute; frankismoaren krimenak eta biktimak oroitzeko gunea izatea nahi dute.
Joan den otsailean abiatu zuen Iruñeko Udalak prozesua, eraikinaren etorkizunaz erabakitzeko. Mahai gainean, gaiari buruz 2019an egin zen lehiaketan hautatutako zazpi proposamenak izan dituzte: horietako batek eraikina behera botatzea proposatzen zuen, eta gainerako seiek beste esanahi bat ematea, eraikina osorik edo parte bat mantenduta eta erabilpen berriak emanda. Azkenean, hainbat hilabetean negoziazioak egin ondoren, hiru talde aurrerakoiek monumentuari beste esanahi eta erabilera bat ematea adostu dute.
Goizeko agerraldian, Ramon Alzorriz PSNren eledunak "memoria historikoaren aldeko" eta "faxismoaren kontrako akordio historikoa" dela esan du, hainbat hamarkadatan "ez atzera ez aurrera" egon den "arazo" bati konponbidea ematera datorrena.
Bide beretik hitz egin du EH Bilduko Miren Zabaletak ere. Azaldu duenez, etorkizuneko Maravillas Lamberto Interpretazio zentroak funtzio bikoitza izango du: "faxismoa salatzea" eta "memoria demokratikoa sustatzea".
Azkenik, Pablo Azkona Geroa Bairen bozeramaileak esan duenez, "gai oso konplexu" baten gaineko "gutxieneko akordioa" da, eta erantsi du balio demokratikoan sakontzeko baliagarria izango dela.
Kritikak
Memoria historikoaren aldeko eta frankismoaren biktimen senideen aldeko Nafarroako elkarteak akordio politiko horren aurka agertu dira, eta erabat dezepzionatuta sentitzen dira. Haien ustez, "monumentua ez eraisteak hautsi egiten ditu orain arte bultzatutako politika publikoak, eraikinaren existentziak berak sinbolizatzen baitu frankismoaren zigorgabetasuna".
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, berriz biktimizatzen dituen erabaki bat da eta traizionatuta sentitzen dira. Elkarte horiek diotenez, interpretazio- eta memoria-zentroak biktimekin lotutako lekuetan egin behar dira, eta ez borreroaren zigorgabetasun-sinboloetan. Erabaki horrek horain arte erakundeekin batera sustatutako memoria-lekuen politikak hausten dituela salatu dute.
UPNk, bere aldetik, akordioa "onartezina, iluna eta sektarioa" dela adierazi du. "Eraikin horretan EH Bildu buru duen bizikidetzarako eta bakerako ingurune bat proiektatzea lotsagarria da, gure lurraldeko faxismo berrienaren oinordekoak baitira", adierazi du. Halaber, gaineratu du, "abertzaleei interesatzen zaie memoria frankista ikusaraztea, guk beti gaitzetsi duguna, ETAren terrorismoaren memoria ezkutatzen saiatzeko, gaitzetsi gabe jarraitzen baitute".