IRUÑEA
Iruñeko Erorien Monumentua eraldatzea eta ez eraistea gaitzetsi dute elkarte memorialistek
EITB MEDIA
EH Bildu, PSN eta Geroa Bai taldeen akordioaren ondotik, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Horren ordez, esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute.
Memoria historikoaren aldeko eta frankismoaren biktimen senideen aldeko Nafarroako elkarteak Iruñeko Erorien Monumentua eraldatzeko akordio politikoaren aurka agertu dira, izan ere, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala.
Haien ustez, "monumentua ez eraisteak hautsi egiten ditu orain arte bultzatutako politika publikoak, eraikinaren existentziak berak sinbolizatzen baitu frankismoaren zigorgabetasuna".
Radio Euskadin egindako adierazpenetan azaldu dutenez, berriz biktimizatzen dituen erabaki bat da eta traizionatuta sentitzen dira. Elkarte horiek diotenez, interpretazio- eta memoria-zentroak biktimekin lotutako lekuetan egin behar dira, eta ez borreroaren zigorgabetasun-sinboloetan. Erabaki horrek orain arte erakundeekin batera sustatutako memoria-lekuen politikak hausten dituela salatu dute.
Erorien Monumentuari, erabilera berria: kupula estali eta memoria zentroa sortu
Joan den otsailean abiatu zuen Iruñeko Udalak prozesua, eraikinaren etorkizunaz erabakitzeko. Azkenean, hainbat hilabetean negoziazioak egin ondoren, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik monumentuari beste esanahi eta erabilera bat ematea adostu dute. Espainiako Gerra Zibilean Frankismoaren alde borrokatuz hil ziren nafarren oroimenez 1941ean eraikitako monumentu bat da. Maravillas Lamberto Interpretazio Zentroa izango da etorkizunean.
Gauzak horrela, ez dute eraikin osoa eraitsiko. Esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute; frankismoaren krimenak eta biktimak oroitzeko gunea izatea nahi dute.
Eraikinaren "ikur eta elementu frankista guztiak" eraitsi, eta "faxismoaren aurkako eta memoria demokratikoaren aldeko" zentro bat abian jartzea da adostu dutena.
Besteak beste, kupula sinbolikoa estali egingo da eta Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral kolpisten hilotzak hartu zituzten kriptak kendu egingo dira.
Talde politikoen erreakzioak
Ramon Alzorriz PSNren eledunak "memoria historikoaren aldeko" eta "faxismoaren kontrako akordio historikoa" dela esan du, hainbat hamarkadatan "ez atzera ez aurrera" egon den "arazo" bati konponbidea ematera datorrena.
Bide beretik hitz egin du EH Bilduko Miren Zabaletak ere. Azaldu duenez, etorkizuneko Maravillas Lamberto Interpretazio zentroak funtzio bikoitza izango du: "faxismoa salatzea" eta "memoria demokratikoa sustatzea".
Azkenik, Pablo Azkona Geroa Bairen bozeramaileak esan duenez, "gai oso konplexu" baten gaineko "gutxieneko akordioa" da, eta erantsi du balio demokratikoan sakontzeko baliagarria izango dela.
UPNk, bere aldetik, akordioa "onartezina, iluna eta sektarioa" dela adierazi du. "Eraikin horretan EH Bildu buru duen bizikidetzarako eta bakerako ingurune bat proiektatzea lotsagarria da, gure lurraldeko faxismo berrienaren oinordekoak baitira", adierazi du. Halaber, gaineratu du "abertzaleei interesatzen zaiela memoria frankista ikusaraztea, guk beti gaitzetsi duguna, ETAren terrorismoaren memoria ezkutatzen saiatzeko, gaitzetsi gabe jarraitzen baitute".