Itxi

''Sarri, Sarri''

Fermin Muguruzak Imanol Pradales lehendakariarekin biltzea onartu du

EITB Media

Leer en Castellano

Lehendakariak irundar musikaria Lehendakaritzara gonbidatu zuen atzo, "bizikidetzaz eta memoriaz elkarrizketa egiati eta zintzoa" izateko.

Fermin Muguruza Radio Euskadiko estudioan, artxiboko argazki batean

Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Imanol Pradales lehendakariak atzo egin zion gonbita onartu du, Radio Euskadiri igorritako idatzi batean azaldu duenez, EAEko gobernuburuak Lehendakaritzan elkartu eta bizikidetzaz eta memoriaz "bere osotasunean zintzoki" hitz egitea eskatu eta gero.

Muguruzak Radio Euskadiri idatziz azaldu dionez, gonbita onartu du, "urte askoan komunikazio zubiak eraikitzeko lanean aritu" delako, nahiz eta uste duen zaila izango dela "berak proposatu bezala zintzoki hitz egitea, Sarri, Sarri debekatzearekin eta Justizia Sailetik nire kontra bota dituzten irainekin ados dagoela esan eta gero, giza eskubideak errespetatzen ez ditudala iradoki duenean".

Pradales lehendakariak "Anoetako kontzertua oso arrakastatsua izango dela dirudielako" zoriondu duela eta, Muguruzak esker ona agertu du hitz horien aurrean, eta Pradales ekainaren 14ko kontzertura bertaratzera gonbidatu du, baina "Sarri, Sarri ozen kantatuko dugu, kantuak Anoeta estadioa zeharkatu eta Martutenera irits dadin saiatuko gara", ohartarazi du.   

Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan kontzertuak egiteko betekizunak gogortuko dituela iragarri du, Fermin Muguruzak joan den larunbatean Martuteneko kartzelan kontzertua eman eta, besteak beste, Sarri, Sarri kantua jo eta gero. Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek espetxe horretatik nola ihes egin zuten kontatzen du abesti horrek.

Albisteak (2)

Bideoak (1)