Itxi

ESKUMENAK

Eskumenak EAEra eskualdatzeko Lankidetzarako Bitariko Batzordea asteazkenean elkartuko da, Moncloan

EITB MEDIA

Batzordea azaroaren 6an zen elkartzekoa lehenengoz, baina goialdeko ekaitzak atzeratu egin zuen. Azkenean, azaroaren 27an izango da Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria buru izango dituen batzarra.

Sánchez y Pradales, en una foto de archivo de EFE

Eskumenak EAEra eskualdatzeko Lankidetzarako Bitariko Batzordearen lehen bilera asteazkenean izango da azkenean, azaroaren 27an. Bilera azaroaren 6rako zegoen aurreikusita, baina atzeratu egin zuten, goialdeko depresioaren ondorioz.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria buru dituela egingo dute batzarra, Euskadira eskualdatu gabe dauden eskumenen transferentzia azkartzea eta amaitzea helburu. Hain zuzen ere, inbestidura akordioaren puntuetako bat zen alde biko batzorde hau sortzea.

Gernikako Estatutuak urriaren 25ean 45 urte bete ostean, 29 dira oraindik EAEren esku ez dauden eskumenak.

Horien artean, seiren negoziazioa oso aurreratuta dago: Kostaren Ordenazioa eta Kudeaketa, atzerritarrek lan egiteko atariko baimenak, Itsas Salbamendua, Meteorologia, Bizkaiko Makineriaren Zentroa eta Zinematografia Babesteko Funtsa.

Gainerakoen artean daude aireportuen eta portuen kudeaketa, enplegu politika pasiboak, eta (zail eta polemikoenetako bat) Gizarte Segurantzarena.

Azken hori lantzen hasia da Eusko Jaurlaritza, eta urtea amaitu aurretik amaitu nahi du proposamen landu bat.

Lehendakariak uste du Bitariko Batzorde iraunkorra martxan jartzeak bizkortu egingo dituela negoziazioa eta "Espainia-Euskadi harremanaren dinamika berria". EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako akordioan jasota dago batzordearen eraketa, eta baita Eusko Jaurlaritza osatzen duten jeltzale eta sozialisten akordioetan ere.

"Gernikako Estatutua osorik betetzea" jasotzen du akordioak, eta bi urteko epean egitea Sanchezen inbestidura egunetik. Gainera, "Euskadiren izaera nazionala aitortzea, berme sistema bat ezartzea eta aldebikotasuna indartzea" bilatzen omen du.

Hain zuzen ere, Sanchezek eta Pradalesek irailaren 20an Moncloan izandako bileran, Espainiako presidenteak erkidegoetakoekin egin zuen bilera-sortaren baitan, adostu zuten eskumenen transferentzia bizkortzea.

Jaurlaritzak uste du 2025eko amaierarako egon beharko liratekeela itxita transferentzia guztiak.

Albisteak (1)