Itxi

Auzitegi Gorena

Guardia Zibilak ezinbesteko parte-hartzea egozten dio fiskal nagusiari Ayusori buruzko filtrazioetan

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) uste du Alvaro Garcia Ortizek "ezinbesteko parte-hartzea" izan zuela Alberto Gonzalez Amadorrek salatu zuen posta bidezko mezuen filtrazioan.

Alvaro Garcia Ortiz, zutik, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) uste du Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiak "ezinbesteko parte-hartzea" izan zuela Alberto Gonzalezi buruzko posta bidezko mezuen filtrazioan. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen bikotekidea da Gonzalez, eta bera izan zen filtrazioak egon zirela salatu zuena.

Horixe da guardia zibilek atera duten ondorio nagusia Pilar Rodriguez Madrilgo lurralde fiskalaren bulegoa miatu eta materiala atzeman ostean. Gaur eman da horren berri, Angel Hurtado Auzitegi Goreneko magistratuak sumarioa sekretupetik atera du eta.

Agenteen ustez "ezinbestekoa" izan zen fiskal nagusiaren parte-hartzea, "ondoren filtrazioa izan zedin", eta martxoaren 8tik 14ra Rodriguezek eta Garcia Ortizek trukatutako mezuak izan dituzte oinarri.

Martxoaren 8an, Rodriguezek, fiskal nagusiak eskatuta, Gonzalez Amadorren aurkako salaketari buruzko dokumentazio guztia eman zion, eta 12an iritsi zen lehenengo filtrazioa, elDiario.es egunkari digitalera, hain zuzen ere. Filtrazio hori "ustez Fiskaltza Nagusiak egin zuen", eta Alberto Gonzalez Amador delitu fiskal batengatik ikertzen ari zirela azaleratzen du.

Hala, Guardia Zibilaren txostenak ohartarazten duenez, egunkariak informazioa noiz argitaratu zuen eta jatorrizko salaketaren zatiak eta Ogasunaren txostenak jasotzen zituela ikusita, "prentsak kaltetuak berak baino lehenago izan zuen Gonzalez Amadorren aurkako salaketaren berri".

Izan ere, prentsak 06:01ean argitaratu zuen informazioa, eta Julian Salto fiskalak 09:23an bidali zion posta bidezko mezu bat Gonzalez Amadorri salaketaren berri emanez.

Martxoaren 13an, 21:29an, El Mundok albiste bat argitaratu zuen aurreko egunean fiskalak defentsa abokatuari bidalitako mezuan oinarrituta, titular honekin: "Fiskaltzak ituna egitea eskaini dio Ayusoren bikoteikideari zerga delituak onar ditzan kasua judizializatzen duen bitartean".

Orduan "hasi zen fiskal nagusia defentsa abokatuaren eta Fiskaltzaren arteko mezuak biltzeko aginduak ematen", salaketa aurkeztu baino lehen.

Agenteen arabera, Gonzalez Amadorrek Julian Salto fiskalari otsailaren 2an bidalitako posta mezuan "2020ko eta 2021eko Elkarteen Gaineko Zergaren harira Ogasun Publikoaren aurkako bi delitu" egin izana aitortzen zuen. Almudena Lastra Madrilgo Erkidegoko fiskal nagusiari eta Rodriguezi bidali zien mezua, eta, horrek, fiskal nagusiari, 21:59an.

Bi ordu geroago, 23:51n, SER irratiak otsailaren 2ko mezuaren inguruko informazioa publikatu zuen, eta bertan aurreratu zuen Madrilgo Fiskaltza erantzuna prestatzen ari zela.

Horregatik guztiagatik, agenteek diote denbora tarte horretan "pertsona talde murritz batek" soilik zuela informazio horren berri. Gonzalez Amadorri buruzko ikerketaren informazioa zuten eta bazekiten adierazpen bat ari zirela prestatzen ari eta hori noiz argitaratuko zen.

Horregatik, azpimarratu dute horren berri Fiskaltzan bakarrik zekitela, eta horregatik "filtrazioa bertan hasi" behar zela.

Bost fiskal jartzen ditu jomugan Guardia Zibilak, baina argi utziz "prentsa oharra egiteko ekimena eta posta elektronikoko mezuak biltzeko eskaera fiskal nagusiak" egin zuela. El Mundok argitaratutako informazioari erantzuteko "agindu zuzenak" eman zituela, eta bere azpikoek "hierarkikoki" erantzun zutela gaineratu du.

Dena den, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak aitortzen du "Fiskaltza nagusiko pertsona batek edo gehiagok" lagundu ziotela Garcia Ortizi martxoaren 14ko oharra kaleratzen, baina ezin dituztela oraingoz identifikatu.

Albisteak (1)