Itxi

SOZIOMETROA

EAEko herritarren % 76k diote euren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Halaber, % 78ren iritzian, EAEren egoera ekonomikoa ona da, eta % 70ek uste dute zerbitzu publikoak onak edo oso onak direla; soilik % 28k uste dute txarrak direla.

Bilbo, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 76k diote euren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela, eta % 78k uste dute EAEren egoera ekonomikoa oro har ona dela. 2002tik jasotako bigarren balorazio positiboena da azken hori.

Eusko Jaurlaritzak kaleratutako azken soziometroak utzitako datuak dira. Egungo egoera ekonomikoaz zein politikoaz galdetu zitzaien herritarrei, azaroaren 5etik 8ra egindako galdeketan. Denera, 3.030 elkarrizketa egin zituzten, telefonoz.

Egoera politikoaz galdetuta, hamarretik 6,6k irizten diote ona dela. Balorazio hori ez da aldatu 2021etik. Espainiako Estatuko egoera politikoaz bestelako iritzia dute; hamarretik 8,2ren ustez txarra da egoera.

Zerbitzu publikoei buruz, galdetutakoen % 70ek uste dute EAEko zerbitzu publikoak onak edo oso onak direla, eta gainera, % 36k uste dute hurrengo urteotan hobetu egingo direla zerbitzuok. % 28k adierazi dute oso txarrak direla.

Kezken artean, lan-merkatua agertzen da aurreneko postuan, 2021etik jaitsi egin bada ere: herritarren % 45ek bere kezka nagusien artean kokatu dute lana; % 38k etxebizitza aipatu dute eta % 32k osasuna.

Konfiantza, Eusko Jaurlaritzarengan

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteotan izan beharko lituzkeen lehentasunen artean, zerrenda aurrean osasun zerbitzuak agertzen dira (% 44); bigarren postuan, etxebizitza (% 32); eta hirugarrenean, enplegua eta lan prekarietatea (% 31).

Gasteizko Exekutiboaren jardunari buruz galdetuta, alor guztietan (akordioetarako gaitasuna, kudeaketa eta ekimena) bostetik gorako nota eman diote herritarrek, eta Imanol Pradales lehendakariak ere gainditua lortu du buruzagi politiko bati eskatzen zaizkion ezaugarri guztietan (elkarrizketarako gaitasuna, zintzotasuna, konfiantza eta eraginkortasuna). EH Bilduko Pello Otxandianorekin (5,3) batera, herritarrek balorazioan bostaren langa gainditzen duen buruzagi bakarra da Pradales (5,4).

Azkenik, galdeketan parte hartu dutenen % 42k adierazi dute euskal herritartzat bakarrik edo euskal herritartzat espainiartzat baino dutela beren burua, eta beste horrenbestek esan dute euskal herritar bezain espainiarrak direla. Azken horien portzentajea nabarmen hazi da, aurreko soziometroetako datuekin alderatuta.

Independentziaren aldekoak % 19 dira, eta % 30ek diote momentuko egoeraren arabera egongo liratekeela independentziaren alde ala ez. % 43 kontra agertu dira. Asko igo da kontra daudenen kopurua azken urteotan.