Itxi

ESKUMENAK

Gaur da biltzekoa Lankidetzarako Aldebiko Batzorde Iraunkorra, Pradales eta Sanchez buru direla

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eskualdatzeko dauden 29 transferentzien auziaz gain, Jaurlaritzak espero du "akordio garrantzitsuak" lortzea hiru gai inportanteren inguruan: migrazioaren kudeaketa, Makroeskualde Atlantikoa eta euskararen ofizialtasuna EBren baitan.

Sanchez eta Pradales, irailean Madrilen egindako bileran. Artxiboko argazkia: EFE

Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko Lankidetzarako Aldebiko Batzorde Iraunkorra gaur, asteazkenarekin, bilduko da, EAEren esku uzteko dauden transferentzien auzia bizkortzeko asmoz. 1987an eratu zenetik, aurreneko aldia da organo hau aktibatzen dena. 

Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango dira hitzorduaren (17:00etan, Moncloa jauregian) buru, eta bi gobernuen goi ordezkariek parte hartuko dute, tartean Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak. 

Gernikako Estatutuak 25. urte bete berri dituen honetan, 29 dira oraindik EAEren esku ez dauden eskumenak. Horien artean, seiren negoziazioa oso aurreratuta dago: Kostaren Ordenazioa eta Kudeaketa, atzerritarrek lan egiteko atariko baimenak, Itsas Salbamendua, Meteorologia, Bizkaiko Makineriaren Zentroa eta Zinematografia Babesteko Funtsa.

Gainerakoen artean daude aireportuen eta portuen kudeaketa, enplegu politika pasiboak, eta Gizarte Segurantzarena. Horixe da, izan, auzi zail eta polemikoenetako bat.

Eskumenen gaia ez ezik, Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotako hiru kontu ere mahaigaineratuko dituzte batzarrean: migrazioaren kudeaketa, Makroeskualde Atlantikoaren sorrera eskualdeok EBn ahotsa izan dezaten, eta euskararen ofizialtasuna Europako erakundeetan. Maria Ubarretxena sailburu eta bozeramaileak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, horien inguruan "akordio garrantzitsuak" lortuko dituztelakoan daude. 

Hainbat atzerapenen ostean —azaroaren 6rako zegoen aurreikusita, baina goialdeko borraskak eraginda, enegarrenez atzeratu zuten— heldu da Aldebiko Batzordearen bilera. Batzordea martxan jartzeko konpromisoa irailean hartu zuten Pradalesek eta Sanchezek, Moncloan egin zuten batzarrean. 

Lehendakariak denbora darama eskatzen Espainiako gobernuburuari bi aldeek (EAJ-PSOE) Sanchezen inbestidurarako egin zuten akordioan jasotakoak betetzeko, baita Eusko Jaurlaritza osatzen duten jeltzale eta sozialisten akordioetan izenpetutakoa ere. Horien arabera, 2025erako Gernikako Estatutua osorik beteta beharko luke. Gainera, Estatutu berri bat lantzea ere badago jasota, "Euskadiren nazio izaera aitortu, berme sistema bat ezarri eta aldebikotasuna indartuko" duena.