Sumar Mugimendua
Alba Garciak gidatuko du Sumar Mugimenduaren Koordinazio Orokorra
Agentziak | EITB Media
Alba Garciak, Lander Martinezek eta Edurne Garciak osatu duten Garai Berria hautagaitza izan da bozkatuena larunbat honetan Bilbon egin den sortze-batzarrean.
Joan den hauteskunde autonomikoetan Sumarren lehendakarigai izan zen Alba Garcia izango da aurrerantzean Sumar Mugimenduaren Koordinazio Orokorraren buru, militantziak larunbat honetan Bilbon egin duen sortze-batzarrean hala erabakita.
Alderdiko iturrien arabera, Alba Garciarekin batera, koordinatzaile nagusi kargua elkarbanatuko dute Lander Martinezek (Bizkaiko diputatua Kongresuan eta Espainiako Exekutibako kidea) eta Edurne Garciak (Sumar Mugimenduko hasierako bozeramailekidea) ere, baina lehendakarigai izandakoak beteko ditu funtzio nabarmenenak.
Hirurek osatu duten Garai Berria hautagaitzak militanteen % 85aren babesa lortu du batzarrean, % 13,33 abstenitu egin dira eta % 1,67 aurka agertu dira.
Alba Garcia Martin (Bilbo, 1988) ikasketaz psikologoa eta esku-hartze sozialean aditua, feminista eta antiarrazista, Bizkaiko SOS Arrazakeriako koordinatzailea izan zen eta Podemos Euskadiko kidea izan zen Sumar sortu arte. 2024an Sumar Euskadi koalizioak (Sumar Mugimendua, Ezker Anitza eta Berdeak Equo) lehendakari izateko proposatu zuen, baina ez zuen eserlekurik lortu, Jon Hernandez Arabako zerrendaburuak bakarrik lortu baitzuen ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean.