Itxi

Memoria Historikoa

Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarri dute Intxaurrondoko kuartelaren atarian

EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako Udalak plaka honekin "indarkeriaren biktima" den Mikel Zabalzaren oroimena "bizirik mantentzea" nahi izan du, eta lore eskaintza batekin oroitu dituzte herritarrek, Intxaurrondon torturak salatu zituzten Idoia Aierbe eta Jon Arretxe ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Minutuko isilunearekin hasi da larunbat honetan Mikel Zabalaza oroitzeko ekitaldia, Intxaurrondoko kuartelaren atarian, Donostiako Udalak haren omenezko plaka jarri baitu larunbat honetan.

Plakan zera irakur daiteke: "Mikel Zabalza Garate, Poliziaren ekintzak eragindako biktima" eta 1985eko abenduaren 15eko data, Bidasoa ibaian eskuburdinak jarrita ziutela hilotz topatu zuten eguna, hain zuzen ere. 

Zabalzaren senitartekoek arrosa zuriak jarri dituzte plaka berriaren bueltan, eta atzetik gauza bera egin dute inguruan bildutako herritar askok eta askok. 

Mikel Zabalzaren arreba Idoia Zabalzak adierazi duenez, omenaldi honekin "urrats handi bat eman da memoriari dagokionez", eta "pozik" agertu da, "betiko geldituko delako idatzita, Mikel hemen, kuartel honetan hil zuten." 

Zabalzarekin batera Intxaurrondon torturatuak izan zirela salatu zuten Idoia Aierbe eta Jon Arretxe ere oroitu dituzte herritarrek ekitaldian. 

Aierbe, Zabalza eta Arretxeren kartelak. Argazkia: EFE

Donostiako Udalak plaka hau jarriko zuela iragarri zuenetik, kontra agertu dira Dignidad y Justicia (DyJ) eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea, eta Udalari atzera egiteko eskatu diote aste honetan zehar.

Mikel Zabalza Garate Orbaizetan (Nafarroa) jaioa eta Altzako bizilaguna, Donostiako Tranbiaren Konpainiako txoferra eta ELA sindikatuko afiliatua zen. Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen, eta, Intxaurrondoko kuarteletik pasa ondoren, hilda aurkitu zuten Bidasoa ibaian abeduaren 19an. 33 urte zituen. 

2022ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak polizia-abusuen biktima gisa aitortu zuen, Guardia Zibilak atxilotu ondoren haren heriotzak "izaera bortitza" izan zuela eta "gerora desagertu ziren tortura-praktiken emaitza" izan zela ondorioztatu baitzuen. Familiari 135.000 euroko kalte-ordaina emango ziola jaso zuen Jaurlaritzaren irizpenak.

Jaurlaritzak bezala, poliziaren biktima gisa aitortu zuen Nafarroako Gobernuak ere eta aitortza horietan oinarrituta erantzun die hain zuzen ere Eneko Goia Donostiako alkateak biktimen elkarteek egindako kritikei. 

Goiak hedabideei azaldu dienez, plaka berri honekin Donostiako Udalak "urrats berri bat" eman du "hirian bizia galdu zuten terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgarritasuna espazio publikoan berreskuratzeko". 

Alkatearen hitzetan, plaka honekin "indarkeriaren biktima" den Mikel Zabalzaren oroimena "bizirik mantentzea" nahi da, Udalak "biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa" bilatzeko duen helburutik abiatuta. Donostiako alkateak adierazi duenez, Zabalzaren familiak horrela gogoratzea nahi zuen, eta bere borondatea errespetatu dute.

Dozenaka herritarrekin batera parte hartu dute ekitaldian, Eneko Goia Donostiako alkateaz gain, Ana Lopez (EAJ), Iñaki Gabarain (PSE-EE) eta Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) zinegotziek.

Horiez gain, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Jagoba Alvarez Ereño Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria, Zabalzaren bikotekide zen Idoia Aierberen senitartekoak ere bertan izan dira, baita Maixabel Lasa eta Gorka Landaburu ETAren biktimak, eta Pili Zabala Joxi Zabala GALen biktimaren arreba ere. PPk ez du parte hartu ekitaldian. 

Pili Zabala, Gorka Landaburu eta Maixabel Lasa. Argazkia: EFE

EH Bilduk ohar batean azpimarratu duenez, Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuartelaren ondoan poliziaren indarkeriaren biktima den "Mikel Zabalzaren aldeko" plaka bat jartzeak "herri honen oroimenean eragiten du" eta "urrats garrantzitsua eta beharrezkoa" dela ziurtatu du. Gainera, gogorarazi duenez, Zabalza bezala "torturen biktima diren milaka pertsona daude oraindik egiaren zain".

Fernando Buesa Fundazioak X sarean zabaldu duen mezu baten arabera, Zabalza familiak "justizia, egia eta memoria" behar ditu, eta azpimarratu du "tortura onartezina" dela "sistema demokratiko batean", eta "gaitzetsi eta jazarri egin behar dela".

Bideoak (1)