Elkarrizketa Radio Euskadin
Bengoetxeak berretsi du Eusko Jaurlaritzak akordioak nahi dituela aurrekontuetan
eitb media
Horren harira, uste du EH Bilduren negoziazioa "fase berri batean" sartu dela, koalizioak osoko zuzenketarik ez sartzea erabaki ostean. Bestalde, elkartasun mezua helarazi dio Pasaian hildako emakumearen familiari.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuak berretsi du "akordioak lortzeko" prestutasuna duela gobernuak aurrekontuen arloan: "Horixe erakutsi dugu, eta horixe egiten jarraituko dugu".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, lehendakariordeak atzo Pasaian izan zen hilketa matxistarentzat izan ditu lehenengo hitzak, "emakumearen familiari babesa eta besarkada handia" helarazteko, eta "erabateko gaitzespena eta errefusa" adierazteko. Lehendakariordeak "belaunaldi berriek" egungoek bizi dutena "ez errepikatzeko" deia egin du.
Aurrekontuetara itzulita, esan du oposizioko alderdi nagusiarekin duten negoziazioa, EH Bildurekin dutena, alegia, "beste fase batean" sartu dela, subiranistek osoko zuzenketarik ez sartzeko hartu duten erabakia dela eta.
Alderdi politikoei "elkarrizketarako prestutasuna" eskertu die, horrek "konfiantza giroa" sortzen duelako.
Bengoetxeak gogorarazi du egungo aurrekontu proposamenean gobernutik kanpo iritsitako proposamenak jaso dituztela, eta zuzenketa partzial bitartez sartu dutela "oposizioaren ikuspegi kritikoa".
Lehendakariordeak elkarrizketak zuhurrak izaten jarraitzea eskatu du, eta "akordio zabalak" lortzea, "Excel orrietatik" harago. Jaurlaritzaren helburua horixe dela azpimarratu du, gehiengo osoa izanda "beharrik ez" duen arren.