Itxi

Migración

Akordiorik gabe amaitu da Espainiako Gobernuak eta PPk adingabe migratzaileen harrerari buruz egindako bilera

EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak uste du irtenbidea Atzerritarrei buruzko Legearen 35. artikuluaren erreforma dela, autonomia-erkidegoek adingabe horiek hartu behar izan ditzaten; PPk, berriz, migrazio-politikari buruzko eztabaida sakonagoa mahai gainean jartzeko eskatu dio Gobernuari.

Pertsona migratzaile talde bat Kanarietara iritsi berri. EFE.

Adingabe migratzaileei harrera nola egin eta autonomia-erkidegoen artean banatzeari buruz Espainiako Gobernuak, PPk eta Kanarietako eta Ceutako exekutiboek ostegun honetan egin duten bilera akordiorik gabe amaitu da. 

Hala baieztatu du bileratik irten berritan Miguel Tellado Kongresuko Talde Popularraren bozeramaileak. 

Bilera Kanaria Uharteek Madrilen duten Gobernuaren Ordezkaritzan izan da, eta bertan izan dira Angel Víctor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa, Sira Rego Gazteria eta Haurtzaroko ministroa, Fernando Clavijo Kanarietako presidentea eta Juan Vivas Ceutako presidentea.

Gobernuko ordezkariek berretsi dute irtenbidea atzerritarrei buruzko legearen 35. artikuluaren erreformatik etorri behar dela, autonomia-erkidegoek adingabe horiek hartzeko betebeharra izan dezaten; PPk, berriz, migrazio-politikari buruzko eztabaida sakonagoa mahai gainean jartzeko eskatu dio Gobernuari.

Kanarietako Gobernuak hilabeteak daramatza "Estatu-irtenbide bat" eskatzen, uharteek duela hilabete batzuetatik bizi duten migrazio-presioari erantzuteko, bai eta Estatuak har dezan inoren kargura ez dauden migratzaile adingabeen tutoretza ere. 

Urrian, PPk bertan behera utzi zituen Espainiako Gobernuarekin zituen elkarrizketak, Gobernuak Europar Batasunari laguntza eskatzeari uko egin ziola argudiatuta. Kanarietako PSOEk eta Gobernuak ukatu egin zuten baieztapen hori, eta akordioa lortzeari uko egiteko aitzakiak jartzea aurpegiratu zioten PPri.