Itxi

2025eko aurrekontuak

Jaurlaritzaren aurrekontuei PPk, Sumarrek eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidagai Legebiltzarrean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ezusterik ezean, atzera botako dituzte denak. Etzi, zuzenketa partzialen txanda izango da, eta ingurumari horretan, zabalik dute oraindik negoziazioa EH Bilduk eta Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE).

Eusko Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. Argazkia: @PVasco_EuskoL

09:30etik, Eusko Legebiltzarrak eztabaidagai ditu PPk eta Talde Mistoan sartuta dauden bi alderdiek, Sumarrek eta Voxek, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. eitb.eus zuzenean ematen ari da Legebiltzarreko eztabaida.

Ezusterik ezean, atzera botako dituzte hirurak, eta aurrekontuak izapidetzen jarraituko du Ganberak, hurrengo fasea abiatuta: alegia, zuzenketa partzialen eztabaida. Ostegunerako dago aurreikusita horren gaineko bilkura.

Horri dagokionez, zabalik dute oraindik EH Bilduk eta jeltzale eta sozialistek kontuei buruzko negoziazioa, eta badirudi azken unera arte hartu-emanetan jarraituko dutela. Testuinguru horretan, Araban, koalizio abertzaleak babesa emango die jeltzaleei eta sozialistei, aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Joan den ostegunean proposamen berri bat egin zion Jaurlaritzak koalizio subiranistari. Bi aldeek aitortu dutenez, desadostasunak dituzte etxebizitzaren eta  
lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokienez.

Atzo egindako adierazpenetan, Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak adierazi zuen bere koalizioak etxebizitza politika "interbentzionista" defendatzen duela, "paradigma aldaketa erabatekoarekin". Gainera, adierazi zuen aurrekontuen gaineko balizko itun batek 2025ean lanbide arteko gutxieneko soldata "propio" bat eskuratzeko bidea zabalduko lukeela. 

Imanol Pradales lehendakaria zuhurrago agertu zen. EAEko sistema publikoaren jasangarritasuna babestearen alde azaldu bazen ere, batzuek defendatzen duten "interbentzionismo erabatekoa" baztertu zuen. Gogorarazi zuenez, "baliabideak finituak dira. Ez dago denerako. Lehentasunak ezarri eta arrautzak zein saskitan jarri nahi ditugun erabaki behar dugu, ongizatea helburu".

Eusko Legebiltzarrean bilkura dagoela eta, Jaurlaritzak biharko utzi du asteartero egin ohi duen gobernu bilera.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuan ere aurrekontuen inguruko eztabaida dute gaur. Kasu honetan, aurrekontuen proiektuari zein zerga neurriei aurkeztutako zuzenketa partzialak izango dituzte mahai gainean. Nafarroan ere 09:30ean hasi dute bilkura. 

Informazio gehiago (1)