2025eko aurrekontuak
Jaurlaritzak etxebizitzarako 100 milioi euroko partida eskaini dio EH Bilduri lau urterako
EITB Media
Partida gehigarria alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko bideratuko litzateke. Halaber, etxebizitza foroa martxan jartzea eta udalek parte hartze handiagoa izatea proposatzen da. Legebiltzarrak gaur bozkatuko ditu proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak.
2025eko aurrekontuei dagokienez egun erabakigarria da gaurkoa, Eusko Jaurlaritzaren lege proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak bozkatuko baititu Eusko Legebiltzarrak (09:30ean hasita). Jaurlaritzak zabalik du oraindik EH Bildurekin abiatutako negoziazioa, eta horren harira, EITBk jakin ahal izan duenez, EAJk eta PSE-EEk azken proposamen bat helarazi zioten atzo koalizio subiranistari, betiere aurrekontu ituna xede.
Planteamenduak etxebizitza du ardatz, bi aldeen artean arantza gehien sortu dituen gaietako bat, alegia. 100 milioi euro gehiago jartzea proposatu du Jaurlaritzak (lau urterako partida) alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko. Gainera, etxebizitza foroa martxan jartzea (mekanismoa legean jasota zegoen, baina oraindik ez da indarrean jarri) eta auzian udalek parte hartze handiagoa izatea proposatu da.
Azkenik, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa partzial batean erantsitako 15 milioi euroak gehitu dira proposamenean. Dirutza lurzorua erosteko, alokairu merkeak martxan jartzeko eta Emantzipa laguntzen baldintzak hobetzeko bideratzea zen asmoa.
Akordiorako prest azaldu da beste behin EH Bildu
Ez da zabaldu koalizio abertzaleak proposamenari iritzi diona. Aurrez, bart gauean, Radio Euskadiko "Ganbara" saioan elkarrizketatu dute Nerea Kortajarena EH Bilduren bozeramailea. Kortajarenaren iritzian, Jaurlaritzari dagokio akordio politikorik nahi duen erabakitzea. EH Bildu, bere aldetik, erakutsi du bere borondatea, Araban aurreakordioa lotuta.
Nabarmen duenez, EAJk eta PSE-EEk "aukera bikaina" dute gaur EH Bilduk proposatutako zuzenketa partzialen alde bozkatzeko.
750 zuzenketa baino gehiago
Esan bezala, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean Jaurlaritzaren proiektuari aurkeztutako 763 zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dira. Gehienak (634) PPk egin ditu; 62 Sumarri dagozkio, eta EH Bilduk 25 aurkeztu ditu. EAJk eta PSE-EEk 39 proposatu dituzte, eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek elkarrekin, 3.
Batzordean gertatzen denaren menpe egongo da, hein batean, aurrekontuen balizko akordioa. Dena dela, badago tartea abenduaren 20ko bilkurara arte, orduan jasoko baitute kontuek behin betiko onespena, eta ordura arte, zuzenketa batzuk aurrera ateratzerako modua dute taldeek.