Itxi

Koldo kasua

De Aldamaren eta Guardia Zibilaren "gezurrak desmuntatzen" saiatuko da gaur Abalos Gorenean

Agentziak| EITB Media

Leer en Castellano

Garraio ministro ohia deklarazioa atzeratzen saiatu zen, denbora irabazteko, baina Leopoldo Puente epaileak ukatu egin zuen eskaera. 'Koldo auzia'n ikertzen ari diren ustezko kontratu irregularretan izan zuen balizko parte-hartzeaz galdetu nahi dio epaileak.

Jose Luis Abalos, aste honetan. EFE.

Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiak Auzitegi Gorenean deklaratuko du ostegun honetan (10:00etan) eta Victor de Aldama enpresariak eta Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak leporatzen dizkioten irregulartasunak eta "gezurrak desmuntatzen" saiatuko da. Guardia Zibilaren txosten baten arebera Abalosek paper garrantzitsua du 'Koldo auzia'n ikertzen ari diren esleipen irregularretan. 

Hasiera batean, Abalosek bere borondatez agertzeko interesa adierazi zion Gorenari, baina handik gutxira galdeketa atzeratzea eskatu zuen —abenduaren 12rako zegoen aurreikusia—, hilaren 5era arte ez zuelako ikertutako guztia ikusteko aukerarik izan.

Defentsak denbora irabazteko eta auzia aztertzeko hitzordua atzeratzeko saiakera egin bazuen ere, gaur deklaratuko du azkenean, Leopoldo Puente epaileak atzera bota baitzuen data atzeratzeko eskaera. Ministro ohiak agerraldia onartu zuen, eta instruktoreak ostegun honetarako finkatu zuen haren agerraldia.

Defentsak nahiago zuen De Aldamaren eta Koldo Garcia aholkulari ohiaren ondoren deklaratzea, horiek esandakoaren arabera prestatzeko Abalosen desklarazioa, baina gaur izango da, Goreneko deklarazio errondan, Abalosen txanda.