Itxi

Bilera Ajuria Enean

Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak adingabe migratzaileen "bidezko" banaketa bat eskatuko dute

EITB Media

Leer en Castellano

Bi gobernuek inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen banaketa "orekatua, koordinatua, ordenatua eta bidezkoa" planteatuko dute ostiraleko Presidenteen Konferentzian, eta diru gehiago ematea "ahalegin handiagoa" egiten duten erkidegoeei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak eta Kanariar Uharteetako Gobernuak inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen banaketa "orekatua, koordinatua, ordenatua eta bidezkoa" planteatuko dute ostiraleko Presidenteen Konferentzian, eta diru gehiago ematea "ahalegin handiagoa" egiten duten erkidegoeei.

Imanol Pradales lehendakaria eta Fernando Clavijo Kanarietako presidentea Gasteizen bildu dira gaur arratsaldean, ostiral honetako Santanderreko Konferentziari begira adingabe horiei arreta emateko proposamen bateratu bat prestatzeko. Bertan, jatorrizko herrialdeekin lankidetzan aritzea ere proposatuko dute, euren baitan bizitza-proiektuak bultzatzeko eta "migrazio zirkularraren bidez, joan-etorri ordenatuak sustatzeko".

Batzarraren ostean, Clavijok prentsaurrekoan gogorarazi du GOIDI edo erupzioa bezalako tragedietan "erkidegoek ahalegin handia" egin dutela. Horregatik, proposamen honek "harrera positiboa" izatea espero du, "egiturazko fenomenoa" baita.

Euskal Autnomia Erkidegoa (EAE) "iparraldeko muga" izateko eskaera berretsi du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, Kanariak hegoaldeko muga diren aldetik.

Pradalesek eta Clavijok Espainiako Gobernuari eta gainerako erkidegoei proposatuko diete hiru hilabeteko epean horren inguruko akordioa lortzea gaur egungo presioa gutxitu eta migrazioa kudeatzeko estrategia lasaitasunez landu ahal izateko. Horretarako lege dekretu bat indarrean jartzea eskatuko dute.

Testu bateratua adostu dute lehendakariak eta Kanarietako presidenteak, gainerako erkidegoekin eta Espainiako Gobernuarekin gutxieneko akordioa lortzea da helburua. Migrazioaren ondorioz tentsionatuta dauden erkidegoetan presioa baretu eta egoerari aurre egiteko estrategia garatu eta bitartekoak lortzeko denbora behar dela nabarmendu dute. Hiru hilabeteko epean lege dekretu bat garatzea da asmoa.

Melgosak azaldu duenez, adostutako testuak lau puntu ditu: adin txikiko migratzaileak era duinean artatu ahal izateko baliabide ekonomikoak; erkidegoen arteko banaketa orekatua; eta jatorrizko herrialdeetan formakuntza dira eskari nagusiak. Horrekin batera, Euskadi Europara heltzeko iparraldeko muga gisa aitortua izan dadila ere eskatuko du.

Kanarietako presidenteak azpimarratu du "ezinbestekoa" dela migrazio fenomenoari erantzuteko berehalako eta epe luzeko neurriak lantzea. Kanariar uharteetan gainezka daudela gogorarazi du.

Bideoak (1)