Itxi

PRESIDENTEEN KONFERENTZIA

Sanchezek eta presidente autonomikoek migrazioa eta finantziazio eredua izango dituzte hizpide gaurko bileran

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak eta Kanariar Uharteetako Gobernuak adingabe migratzaileen banaketa "orekatua, koordinatua, ordenatua eta bidezkoa" planteatuko dute, eta eta diru gehiago ematea "ahalegin handiagoa" egiten duten erkidegoeei. Hala ere, ez dirudi akordiorik lortzeko aukera handiegirik dagoenik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta autonomia erkidegoetako presidenteek bilera egingo dute gaur Santanderren, XXVII. Presidenteen Konferentziaren baitan (11:00etan). Bi urte eta bederatzi hilabete igaro dira azken biltzarretik, eta, hortaz, Imanol Pradales lehendakariak parte hartzen duen lehendabiziko aldia da. Gai asko jorratuko dituzte, baina itxura guztien arabera, aldeen arteko jarrerak urrunduta daude eta zaila izango da akordioak lortzea.

Finantziazio eredua izango da mahai gainean egongo den gaietako bat, PSCk eta ERCk sinatutako akordioaren ostean, eta baita adin txikiko pertsona migratzaileen "bidezko" banaketa egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak egindako proposamena ere.

Gai horiez gain, etxebizitzaren arazoa eta osasun langileen gabezia ere hizpide izango dituzte.

Espainiako Gobernuak etxebizitza, finantziazio eta migrazio gaietan akordioak lortzea espero du, nahiz eta gutxienekoak izan. Aitzitik, Alderdi Popularretik askoz ezkorrago mintzatu dira.

Migrazioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Kanariar Uharteetako Gobernuak bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen banaketa "orekatua, koordinatua, ordenatua eta bidezkoa" egiteko proposamena eramango dute Presidenteen Konferentziara, eta diru gehiago ematea "ahalegin handiagoa" egiten duten erkidegoei. Halaber, Espainiako Gobernuari eta gainerako erkidegoei proposatuko diete hiru hilabeteko epean horren inguruko akordioa lortzea gaur egungo presioa gutxitu eta migrazioa kudeatzeko estrategia lasaitasunez landu ahal izateko. Horretarako lege dekretu bat indarrean jartzea eskatuko dute.

Autonomia erkidegoen finantziazio ereduari lotuta, PPk agintzen duen autonomia erkidegoek jarrera bateratua eramango dute, eta, orain arte bezala, Katalunia erregimen komunetik ateratzearen aurka agertuko dira. 

Bideoak (1)