Aurrekontuak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dituzte Aurrekontuen osoko zuzenketak
EITB Media
Arabako aurrekontuek aurrera jarraitzen dute prozesuan, osoko bilkuran Voxek aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota ostean. Gipuzkoan, Foru Gobernuak PPrekin aterako ditu aurrekontuak, EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa errefusatu baitu gehiengoak.
Ostiral honetan osoko zuzenketen eztabaida saioak izan dituzte Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusietan, eta hiru lurraldeetan atzera bota dituzte denak. Horrenbestez, foru aurrekontuek aurrera egingo dute prozesuarekin.
Bizkaian, EH Bilduk erretiratu egin du 2025eko Bizkiako aurrekontuen proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa, Foru Gobernuarekin duen negoziazioaren barruan "elkarrizketarako eta akordiorako tartea" dagoelako.
Izan ere, "EH Bildurekin adosteko borondate zintzoa" adierazi du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, "gure aurrekontuaren aitorpenatik eta herritarrekin hitzartutako konpromisotik abiatuta".
Gernikako saioa Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuari oposizioko hiru alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak ezatabaitzeko asmoz hasi da, baina, eztabaida horretan bertan Iker Casanova EH Bilduren bozeramaileak iragarri duenez, bere taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa erretiratu egin dute, "aurrekontuen edukiei buruzko elkarrizketa prozesua martxan dagoelako".
Koalizio subiranistak ohar batean azaldu duenez, "nahiz eta jarrerak oraindik urrun egon, bai termino ekonomikoetan, bai edukiari dagozkionetan, gerturatzea egon da aldeen artean eta, beraz, merezi du elkarrizketari eustea, herritarrentzat ona izango den akordio bat lortzeko itxaropenez".
EH Bilduren ustez negoziazio prozesuan "lanean" jarraitu behar da, Foru Gobernuak onartu egin baititu, "Bizkaiarentzat gako" diren zenbait aurrekontu-kapitulu, besteak beste, zaintzarekin, transtizio ekosozialarekin edo gazteen emantzipazioarekin lotutakoak, eta "akordiorako tartea" badagoela uste du.
Bizkaiko Talde Popularrak eta Elkarrekin Bizkaia Talde Mistoak proposatutako osoko zuzenketak eztabaidatu ditu Batzar Nagusietako osoko bilkurak, eta horiek atzera bota dira, Jaurlaritza eta gehiengo absolutua osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE) haiek errefusatu eta EH Bildu abstenitu ostean.
Aldundiak 2025erako onartutako Aurrekontu Orokorren Proiektua 10.660,8 milioi eurokoa da, eta horietatik 1.650,3 bederatzi sailen artean banatuko dira.
Gipuzkoako PPrekin ituna
2025erako Gipuzkoako aurrekontuak hilaren 20an onartuko dira, PPren babesari esker, Batzar Nagusietan lehen oztopoa gainditu ostean. EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa bertan behera geratu da, alderdi horren eta Elkarrekin Podemosen kritika zorrotzak protagonista izan dituen eztabaida gogorrean.
EAJk eta PSEk gutxiengoan dagoen gobernuan egindako aurrekontu proiektuari babesa eman dio PPk eta gogor kritikatu dute hori oposiotik. Bereziki kritikatu dute Aldundiak "migratzaileen erregularizazioaren, prestakuntzaren eta gizarteratzearen" bidez biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko plan pilotu bat martxan jartzeko PPren proposamena ontzat hartu izana.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak deitoratu egin du Foru Gobernuak immigrazioari buruz "Feijooren eta Ayusoren alderdiarekin" eta "Voxekin gobernatzen duenarekin" akordioak egitea, eta Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko ordezkariak "PPren eskuinekoenen besoetan erortzea" leporatu dio Gipuzkoako Gobernuari.
Mikel Lezama Alderdi Popularreko bozeramaileak deitoratu egin du bi taldeek egindako irakurketa "erraza", eta eskatu die "norgehiagoka interesatutik aldentzeko" eta Gipuzkoan "kanpotik datorren zatiketa politiko baten bozgorailu izaten ez laguntzeko".
Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak aurrekontu proposamena defendatu du, eta foru gobernuak aurrekontuak guztiekin, salbuespenik gabe, adosteko duen "benetako borondate zintzoa" azpimarratu du.
Horren aurrean, Arrizabalagak "ezkerreko populismoa" egitea eta herritarrak "kalkulatutako estrategia" batekin nahastea leporatu dio EH Bilduri. Estrategia horren helburua da "Gipuzkoan EAJren aurkako kontakizuna irribarre ziniko samarrarekin elikatzea".
Alberto Albistegi PSE-EEko batzarkideak esan duenez, "EH Bilduk ez du inoiz aurrekontu hauek babesteko asmorik izan", eta "PP aitzakiatzat erabiltzea" egotzi dio, bere interes alderdikoiak lehenetsi dituen operazio "fribolo" baten bidez.
Aurrekontuen proiektua Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu du osoko bilkuran, eta 1218 milioi euroko zuzkidura historikoa du; horietatik 535 milioi Zaintza eta Gizarte Politika Sailera bideratzen dira.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak, gaur.
EH Bilduk Arabako aurrekontuak babestuko ditu
Ezustekorik gabeko osoko bilkura izan da Arabako Batzar Nagusietan. EAJk, EH Bilduk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Arabak atzera bota dute Voxek aurkeztutako osoko zuzenketa eta beraz, aurrera jarraitzen du Araban aurrekontuen tramitazioak. Foru Gobernuak (EAJ-PSE) eta EH Bilduk lortutako akordioari esker onartuko dira datozen bilkuretan.
Jonathan Romero Voxeko batzarkideak "lotsaren, menpekotasunaren eta utzikeriaren aurrekontuak" direla eta "irmo eta kementsu" errefusatu ditu, "familiak, enpresak eta autonomoak fiskalki espoliatuta inoizko diru-poltsa handiena izanda", Gobernuak "muzin" egin dielako arabarren benetako beharrei, "proiektu ideologikoak finantzatzeko eta euren sare klientelarrak asetzeko".
Iñaki Oyarzabal PPko bozeramailea ere "oso kritiko" agertu da aurrekontu proiektuarekin. "Oso kontinuistak" direla eta iazkoekin alderatuta "berritasunik ez" dakartela azaldu du, eta beraz, alderdiaren jarrera ere iazkoa izango dela.
Gainerako alderdi politikoek, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Arabak, ez dute hitz egiteko txanda erabili Voxek aurkeztutako proposamenaren eztabaidan.
Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak 2025erako foru ganberaren aurrekontu proiektuaren zertzelada bat eman du. Proiektu horrek "kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzea eta hobetzea bermatzen du", 702 milioirekin, egungo ekitaldiarekin alderatuta 35 milioi gehiago izango ditu, beraz.
Arabako Batzar Nagusiak, gaur.