PRESIDENTEEN BILTZARRA
Presidenteen Biltzarra: Akordio gabe baina "itxaropenarekin" migratzaile adingabeen banaketari dagokionez
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehendakariak eta Kanarietako presidenteak migratzaile adingabeen banaketa berezia eskatu dute, eskualdearen arabera. Pradalesen esanetan, proposamenak ez du "arbuio zuzenik" izan, eta horrek "itxaropena" pizten du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Presidenteen XXVII. Biltzarra akordio zehatzik gabe bukatu da. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta autonomia erkidegoetako buruak bost orduz bilduta izan dira Santanderren, migrazioa, etxebizitza, osasuna eta finantziazioa hizpide.
Bileran, Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak proposamen bat jarri dute mahai gainean, migratzaile adingabeak autonomia erkidegoen artean banatzeko modua aldatzeko, bost adierazle objektibotan oinarrituta.
Clavijok ostegunean aurreratu zituen proposamen horren xehetasun batzuk Ajuria Enean, Espainiako autonomia erkidegoetako presidenteen bilera horri begira jarrera komun batzuk koordinatzeko Pradalesekin izan zuen bileraren ostean, bereziki immigrazioari dagokionez.
Lehendakariak eta Kanarietako presidenteak adierazi dute adin txikikoen etorrerak erkidego bakar baten gaitasuna gainditzen duela, eta lehen iritsierako eskualdeek edo muga-efektuaren eraginpean daudenek ez dutela beren gain hartu behar.
Clavijok eta Pradalesek harrera ordaintzeko beharrezko dirua emateko eskatu diote Estatuari, baina "erronka horren erantzuna, baliabideen banaketan ez ezik, kohesio sozial eta politikoan ere badela azpimarratu dute, eta horrek autonomia erkidego guztiek, euren gaitasunen arabera, konponbidean laguntzea eskatzen du".
"Lurralde-elkartasunaren printzipioa aplikatzeak, ongizate-estatua indartzeaz gain, giza eskubideekiko konpromisoa eta nazioarteko betebeharrak betetzea indartzen du, Espainiako Estatura iristen diren migratzaile adingabeen babesa eta ongizatea bermatuz", argudiatu dute Kanarietako eta EAEko gobernuburuek, ostiral honetan banatutako dokumentu batean.
Atzerritarren Legea erreformatzeko negoziazioak blokeatuta daudenez, Pradalesek eta Clavijok hiru hilabetetan banaketa puntual eta ezohikoa egitea proposatu dute, Kanariek proposatutako eta Euskadik babestutako bost irizpidetan oinarrituta.
1) Erkidego bakoitzeko biztanleria osoa
2) Azken sei hilabeteetan 100.000 biztanleko hartutako adingabeen batez bestekoa
3) Per capita Barne Produktu Gordina
4) Langabezia-tasa
5) Elkartasuna, azken bost urteetan hartutako adingabeen kopuruan oinarrituta zehaztuta
Ezohiko banaketa egin ondoren, Haurren Sektoreko Konferentziak etorkizuneko irizpideak zehaztea proposatu dute Kanariek eta Euskadik, lurralde bakoitzaren gaitasunen arabera erantzukizunak modu bidezkoan esleitzeko.
"Itxaropena" migratzaile adingabeen banaketaren auzian
Bileraren ostean egindako agerraldi batean, lehendakariak azaldu du erkidegoek ez diotela "arbuio zuzena" agertu proposamenari, eta horrek "itxaropena" pizten diola. Horren esanetan, Espainiako Gobernuak berak eta Kataluniako eta Aragoiko buruek harrera ona egin diote planari.
Angel Torres Lurralde Politikako ministroak ere ez du baztertu proposamena, eta aurreratu du horrek "zer garapen duen" eta "estaldura juridikoa oten duen" ikusi beharko dutela
Pradalesek 22 proposamen helarazi dizkio Sanchezi
Bestalde, lehendakariak zehaztu du 22 proposamen helarazi dizkiola Sanchezi, etxebizitzaren, migrazioaren, osasunaren eta Europako funtsen inguruan.
Besteak beste, neurri hauek proposatu ditu Gasteizko gobernuaren buruak: larrialdiko inbertsio publikoak egitea alokairurako etxebizitza publikoak eraikitzeko, Lehen Arretako medikuek borondatez lan egin ahal izateko adina 72 urtera igotzea, Euskadira transferitzea mediku egoiliarren akreditazio ahalmena, eta MIR sistema hobetzea hainbat plaza hutsik geratzea saihesteko.
Zor autonomikoa
Espainiako Gobernuko presidenteak autonomiak urtarrilean berriz elkartzeko asmoa agertu du, zor autonomikoa kitatzea negoziatzeko.
Horren aurrean, lehendakariak nabarmendu du neurri hori onartuz gero Euskadiri ordaina eman beharko zaiola, Kupoaren bitartez, EAEk ekarpena egiten duelako Estatuaren zorra ordaintzeko. "Horrenbestez, zor autonomikoa barkatu egingo bada, horrek Kontzertu Ekonomikoan izango duen eragina aztertu egin beharko da", esan du.