Itxi

Nafarroa

Maria Chivitek PSNko idazkari nagusi karguan jarraitzeko hautagaitza aurkeztuko du

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroako Alderdi Sozialistaren egungo idazkari nagusiak bere kargua berresteko aukera izango du martxoaren 22an egingo den kongresu batean, duela hamarkada bat hasitako proiektuari "bultzada berri bat" emateko helburuarekin.

Maria Chivite PSNko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media.

Maria Chivite Nafarroako Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak bere kargua berresteko hautagaitza aurkeztuko du alderdiak martxoaren 22an egingo duen kongresuan, duela hamarkada bat hasi zuen proiektuari "bultzada berri bat" emateko asmoz.

Hala iragarri du larunbat honetan, PSNren lurralde batzordean. Bilera horretan, hain zuzen ere, Chivitek idazkari nagusi gisa bete dituen hamar urteak aztertu dituzte. 

Maria Chivitek azpimarratu du 2014an hartu zuela PSNren agintea, hauteskundeetarako iragarpenak "batere onak" ez ziren garaian, "alderdia josteko" eta "etorkizuneko proiektu ilusionagarri bat berreraikitzeko" helburuarekin. "Idazkaritza Nagusia hartu nuenean buruan nuen Nafarroa hori errealagoa da gaur egun", adierazi du, eta nabarmendu duenez, PSNk "inoiz baino eragin handiagoa du Nafarroan, Espainian eta Europan".

Sozialistak aurreratu duenez, PSNren hurrengo kongresuan eztabaidatuko den txostenaren muina ideia bat izango da: "garapen ekonomikoan maila jakin bat lortu duten gizarteek herritarren zoriontasun maila hobetzeko helburuak ezarri beharra" hain zuzen. Chiviteren hitzetan, ponentzia "ausarta" izango da, "ezkerrarekin zeharo identifikatua, esparru aurrerakoian liderrak izaten jarraitzeko".

Albisteak (1)