Eskumenak
Eusko Jaurlaritzak aste batzuk barru eskuratuko du atzerritarren lan-baimenen eskumena
EITB Media
Horixe iragarri du Ubarretxenak Itsasertzearen Kudeaketaren eta Zinematografiaren jardueraren eskumenen transferentziak sinatu ondoren.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du aste batzuk barru sinatuko duela Espainiako Gobernuarekin atzerritarrei lan-baimenak emateko eskumenaren transferentzia.
Horixe iragarri du Maria Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak Transferentzien Batzorde Mistoan, Madrilen, Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroarekin batzartu ostean.
Aipatu batzarrean sinatu dute, hain zuzen ere, Itsasertzearen Kudeaketaren eta Zinematografiaren jardueraren eskumenen transferentzia.
Infografia: EITB
Lehenengoari buruz, Ubarretxenak esan du EAEko kostaldean eragina duten "proiektu eta azpiegitura berrien gaineko erabakimena" emango diola Jaurlaritzari, eta horrela, "proiektuak bizkortu" ahal izango direla, eta "kostaldeko lurraldearen antolaketa estrategian sartu". Gainera, zubiak, argindar lineak, portuak eta bestelako azpiegiturak eraikitzeko esleipenak eman ahal izango ditu.
Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jardueraren eskumenaren kasuan, Jaurlaritzak azpimarratu du Gernikako Estatutuak kultur arloan jasotzen dituen eskumen guztien transferentzia gauzatu dela horrela.
Eusko Jaurlaritzak kudeatu ahal izango ditu aurrerantzean ikus-entzunezkoak garatzeko laguntzak, alfabetatze politikak eraman ahal izango ditu aurrera (zinema aretoak sustatzea, esaterako), eta euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko, banatzeko eta emititzeko laguntzak kudeatu ahal izango ditu.
"Herrialde txiki batentzat, euskara hizkuntza propioa izanik, lehentasuna da arlo honetan baliabide gehiago izatea", azpimarratu du Maria Ubarretxenak batzarraren osteko hitz-hartzean.
Falta diren transferentziak
Transferentzien Batzorde Mistoaren aurretik, beste batzar bat izan dute, erakundeak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Azpibatzordearena. Egiteke dauden 27 transferentzien erritmoa bizkortzeko helburuz elkartu dira Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren ordezkariak.
Testuinguru horretan iragarri du sailburuak atzerritarrei lanerako baimenak emateko eskumena hurrengo asteetan itxiko dutela.
Era berean, Itsas Salbamenduaren, meteorologiaren eta Bizkaiko Makineriaren Zentroaren Kudeaketaren transferentziak arintzea adostu dute.