Itxi

'Barcenas auzia'

Baldintzapeko askatasuna eman diote Luis Barcenas PPren diruzain ohiari

eitb media

Leer en Castellano

Ia urtebete zeraman hirugarren graduan Barcenasek, eta Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, zigorraren bi herenak beteta, isunak ordainduta, damututa eta presoei zuzenduriko programa zehatzetan parte hartu ondotik, baldintzak beteta, ez du kartzelara itzuli beharko.

Luis Barcenas, PPko diruzain ohia, EITBko artxiboko irudi batean

Auzitegi Goreneko espetxe-zaintzako epaitegiak baldintzapeko askatasuna eman dio Luis Barcenas Alderdi Popularraren diruzain ohiari. 'Gurtel' auziko hainbat kontutan nahastuta egoteagatik espetxeratu zuten. Epaileak arguaditu duenez, espetxe-zigorraren bi heren bete ditu Barcenasek, isunak ordaindu ditu, egindakoaz damututa dago eta delitu ekonomikoengatik kartzela betetzen ari diren presoentzako hainbat programatan parte hartu du. 

Martxotik hirugarren graduan zegoen Barcenas, eta, epai honekin, ez du kartzelara itzuli beharko. Nolanahi ere, bere bizilekuaren helbidearekin izandako edozein aldaketaren berri eman beharko du, eta baita beste auziren batean zigortuko balute ere.

Jose Luis Castro epaileak auto bidez azaldu du Victoria Kent gizarteratze zentroaren Tratamendu Batzordeak Barcenasi baldintzapeko askatasuna ematea proposatu zuela, eta Fiskaltzak ez zuela horren aurka egin, joan den irailaren 20an zigorraren bi herenak bete zituelako eta zigorra betetzeko azken maila lortzeko beharrezko elementuak beteta zituelako.

Magistratuaren arabera, proposamenak legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen ditu. Hala, gogorarazi du ezarri zitzaion erantzukizun zibil osoa ordaindu duela —4.535.254,92 euro guztira— eta adierazi du zigorraren hiru laurdenak datorren urteko irailean beteko dituela.