DONOSTIA
Igeldo tokiko erakunde txikia da jada
EITB MEDIA
Donostiako auzo izateari utzi dio, eta urte askotako borroka luze bati amaiera eman dio. Batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du hasiera batean prozesua, eta 2027ko udal hauteskundeetatik aterako da ondoren Tokiko Erakundea kudeatzeaz arduratuko den batzarra eta auzo alkatea.
Gipuzkoako hirugarren tokiko erakunde txikia da gaurtik Igeldo, Ereñozu eta Itziarrekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartu egin du erakunde txiki izaera ematea orain arte Donostiako auzoa izan denari. Modu horretan, ez da udalerria izango, baina auzo batek baino eskumen gehiago izango ditu aurrerantzean.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Irune Berasaluze Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea eta Eneko Goia Donostiako alkatea pozik agertu dira, urrats garrantzitsua dela iritzita. Berasaluzek "historikotzat" jo du erabakia, herritarren aspaldiko aldarrikapen bati bide eman zaiolako eta Igeldoren garapenarentzat positiboa izango delako. Ildo beretik mintzatu da Goia ere, igeldotarren "nortasunean" azpimarra jarrita. Bere hitzetan, erreminta berri bat izango dute, "gertuko zerbitzuak hobeto kudeatzeko"
Halaber, pozik agertu da Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluaren ordezkaria ere. Esan duenez, "gogoz" eta "ilusioz" daude, erakundea martxan jartzeko. "Ziur gaude Igeldorentzat onurak ekarriko dituela".
Prozesu mailakatua
Tokiko entitatea eratuta, batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du hasiera batean prozesua, eta 2027ko udal hauteskundeetatik aterako da ondoren tokiko batzarra eta auzo alkatea.
Igeldok bere gain progresiboki hartuko ditu hainbat eskumen: lehen bi urteetan, bide publikoak, parke eta lorategiak, argiteria, eraikin publikoen mantentze-lana eta kultura, euskara eta kirol jarduerak kudeatuko ditu; aurrerago, berriz, hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta errepide nagusiaren zaintza hartuko ditu bere gain.