AUTOGOBERNUA
Gizarte Segurantza eta falta diren gainerako eskumenak eskualdatzeko akordioa beteko dela dago Jaurlaritza
AGENTZIAK | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean "sintonia" eta "borondate politikoa" dagoela nabarmendu du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Autogobernu sailburuak, eta adierazi du negoziazioetan aurrera egiteko "diskrezioz" jardun behar dela.
Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentzien negoziazioan aurrera egiteko "diskrezioz" jardun behar dela adierazi du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Autogobernu sailburuak. Gizarte Segurantza eta gainerako eskumenak, gehienez ere, datorren urtearen amaieran eskualdatzeko konpromisoa dagoela gogora ekarri du, eta ildo horretan, akordioa beteko dela uste du.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, transferitzeke diren eskumenen artean daude, besteak beste, itsas salbamendua, meteorologia, makinak egiaztatzeko Barakaldoko zentroa, eta atzerritarren lan egiteko baimenak.
Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentziaz galdetuta, Ubarretxena sailburuak gogora ekarri du datorren urtearen amaiera baino lehen falta diren eskumen guztiak eskualdatzeko akordioa sinatu zuela EAJk Sanchezen gobernuarekin.
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean "sintonia" eta "borondate politikoa" dagoela nabarmendu du.