Itxi

Valentzia

Mazonen aurkako ikerketa penala abiatzearen alde agertu da Fiskaltza, GOIDIaren kudeaketagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Mazonen aurkako kereilak eta salaketak aurkeztu dituzte Iustitia Europeak (1), CGTk (2), zenbait abokatuk (2) eta partikularrek (2). Zazpiak auzi bakarrean ebatziko dira, Fiskaltzak eta Aretoak ikerketa bakarra eta bateratua izan behar dela uste baitute.

Carlos Mazon Valentziako presidentea. Argazkia: EFE

Fiskaltzak jakitera eman duenez, urriaren 29ko goialdeko depresioan (GOIDI) zehar Carlos Mazonek zuzendutako gobernuaren kudeaketari buruzko ikerketa penala abiaraztearen alde egin du. Guztira, 223 hildako, hiru desagertu, Valentziako probintziako 80 herri kaltetu eta milioi askoko kalte materialak eragin zituen hondamendi naturalak.

Fiskaltzak baieztatu duenez, Ministerio Publikoa Generalitateko presidenteak GOIDIaren kudeaketan izan dezakeen erantzukizunari buruzko ikerketa abiatzearen alde dago.

Honenbestez, Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Penaleko Aretoak probidentzia bat helarazi zion joan den astean, eta bi eguneko epea eman zion Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak kasu honetan duen eskumenari buruzko txostena egiteko eta aldeek bidalitako idatziak onartzeko edo ez.

Aretoak erabaki du auzi berean pilatzea abenduaren 13ra arte Carlos Mazonen aurka GOIDIaren kudeaketagatik jarritako zazpi salaketak eta kereilak, "gertakari berdinei buruz" ari direla iritzita. Era berean, Fiskaltzaren ustez, ikerketak bakarra eta bateratua izan behar du, El Pais egunkariaren arabera.

Ebazpen judizialaren aurka helegitea aurkez zitekeen, eta horren arabera, auziari buruzko erabakia Arlo Zibileko eta Penaleko Aretoaren osoko bilkurara eraman behar da. Areto hori Pilar de la Oliva Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak eta lau epailek osatzen dute.

GOIDIa kudeatzeagatik Mazonen kontra jarritako kereilak eta salaketak Iustitia Europearen bat, CGTren bi, zenbait abokatuk aurkeztutako bi eta partikularren bi dira. Gainera, anonimo bat artxibatu zuten, izenik gabe eta abokaturik ezta prokuradorerik izendatu gabe aurkeztu zutelako, Valentziako Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez.

Joan den urriaren 29ko GOIDIak suntsitutako milaka ibilgailu herrietan pilatuta daude. Catarrojako zelai baten irudia. Argazkia: EFE