IKERKETA
Begoña Gomezek lehen aldiz deklaratu du epailearen aurrean, bere abokatuaren galderei erantzunda
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurreko zitazioetan, ez deklaratzeko eskubidea baliatu izan du Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak. Gaur, Madrilgo Complutense Unibertsitaterako software baten kontratazioan ustez iruzurra egiteagatik eman ditu azalpenak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Begoña Gomez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak lehen aldiz eman ditu azalpenak epailearen aurrean, Antonio Camacho bere abokatuaren galderei erantzunda. Beste salaketa bati egin behar izan dio aurre gaur, Juan Peinado epaileak Hazte Oir erakunde ultraeskuindarrak jarritako salaketa onartu eta gero. Madrilgo Complutense Unibertsitaterako software bat legez kanpo kontratatu zuelakoan, intrusismo eta bidegabeko jabetzea delituak leporatu zizkion magistratuak Gomezi.
Ordu erdi inguru iraun duen deklarazioan, ukatu egin ditu haren kontrako akusazioak: adierazi du ez duela legez kanpoko kontrataziorik egin eta ez duela inoiz Unibertsitatearekin duen harremana erabili dirua bidegabe bereganatzeko.
Gaurkoarekin, hiru aldiz joan da Sanchezen emaztea epailearen aurrera deklaratzera, eta lehen aldiz erabaki du azalpenak ematea. Aurrekoetan, ez deklaratzeko eskubidea baliatu izan du.
Segurtasun arrazoiak direla eta, orain arte bezala, ibilgailu baten barruan sartu da Gomez Madrilgo Gaztelako Plazako auzitegietara.
Gomezen aurkako lehendabiziko salaketak Manos Limpias eskuin muturreko pseudosindikatuak jarri zituen.
Epaileak azken bost urteetako kontu korronteak identifikatzeko agindu du
Bestalde, epaileak Begoña Gomezen izenean dauden kontu korronteak dituzten bankuei agindu die Guardia Zibilari emateko 2019ko abendutik 2024ko azarora bitarteko informazio guztia.
Epaileak neurri hori eskatu zuen joan den abenduaren 12an. Madrilgo Instrukzioko 41. Epaitegiari Espainiako Gobernuko presidentearen emazteari lotutako 10 banku-konturen zerrenda "osatu gabe" bat bidali ondoren hartu du erabakia. Kontu korronte horien saldoa 40 eurokoa baino ez zen.
Ikerketak arintze aldera, eskatutako informazio guztia zuzenean bidaliko diote bankuek Guardia Zibilaren UCO unitateari.
Eta epaileak baimena ematen die guardia zibilei "produktu horiekin eta erlazionatutako banku-kontuetan jatorria edo amaiera duten operazioekin zerikusia duten eta ikertutako gertakariak argitzeko behar dituzten argibide, azalpen edo dokumentazio osagarri guztiak eskatu eta jasotzeko".