Itxi

'KOLDO AUZIA'

Abalosen immunitatea bertan behera uzteko eskatu dio Gorenak Kongresuari, lau delitu egin dituelakoan

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

'Koldo auzia'ren instrukzioa egiten ari den Goreneko epailearen arabera, "nahiko" zantzu daude Garraio ministro ohiaren aurkako prozedura bat zabaltzeko. Lau delituren zantzuak daudela uste du: influentzia trafikoa, eroskeria, diruaren bidegabeko erabilera eta erakunde kriminal gisa jokatzea.

Jose Luis Abalos, Auzitegi Gorenaren atarian. Artxiboko argazkia: EFE

Auzitegi Gorenak baimena eskatu dio Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohi eta diputatua ikertzeko Diputatuen Kongresuari, 'Koldo auzia' dela eta. Izan ere, Leopoldo Puente Goreneko magistratuaren arabera, "nahiko" zantzu daude lau deliturengatik —influentzia trafikoa, eroskeria, diruaren bidegabeko erabilera eta erakunde kriminal gisa jokatzea— bere aurkako prozedura bat zabaltzeko.

Abalosek diputatu izaten jarraitzen du, eta, hortaz, foruduna da. Hori dela eta, Auzitegi Gorenak ezinbestean baimena eskatu behar dio behe ganberari haren aurkako ikerketa abiatzeko.

Gaur kaleratutako autoaren arabera, Abalosek pasa den astean Puente epailearen aurrean esandakoa ez dator bat sumarioan dauden dokumentuekin eta deklarazioekin. Zehazki, Abalosek ukatu egin zuen Victor de Aldama enpresaburuak legez kanpo emandako komisioak kobratu izana, Garraio Ministerioan egon zen bitartean egindako mesede politikoen edo kontratu publikoen truke.

Gorenak Kongresuari egindako erregu eskaria ez dute otsailera arte aztertuko, urtarrila hilabete baliogabea baita parlamentuan.

Erregu eskariaren eztabaida Kongresura heltzen denerako otsaila izango bada ere, Abalos ikertzeko baimena babestuko dutela iragarri dute PSOEk eta Sumarrek.