Itxi

Zergak

Enpresa energetikoei ezarritako karga dekretu bidez luzatuko du Espainiako Gobernuak urtea amaitu baino lehen

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Alabaina, dekretu hori lege-proiektu gisa tramitatzeko konpromisoa hartu du, karga hori zerga bihurtu ahal izateko. Horrela, EAJ eta Podemosen babesa eskuratu nahi du.

Foto: EFE.

Espainiako Gobernuak Esquerra Republicana, EH Bildu eta BNGri agindu die urtea amaitu baino lehen lege-dekretu bat onartuko duela konpainia energetikoei ezarritako karga luzatu ahal izateko.

Asteazkenean alderdi politiko horiekin izan duen bileran jakinarazi die erabakia. Bilera horretara Podemos, Junts eta EAJ ere deitu dituzte baina ez dira batzarrera bertaratu. Bileran parte hartu duten guztiak bat etorri dira dekretu bidez arautzea dela karga horrek indarrean egoteari eusteko modu bakarra, gaur egungoa 2025eko urtarrilaren 1ean geldituko baita bertan behera.

Hala ere, lege-dekretuak Kongresuan aurrera egin dezan, bileran egon ez diren alderdien babesa behar du Gobernuak. Hori dela eta, Ogasun Ministerioak aurrerago dekretu hori lege-proiektu gisa tramitatzeko asmoa agertu du. Modu horretara, karga zerga bihurtuko litzateke.

Proposamenaren helburua Podemos eta EAJren babesa lortzea da. Alderdi moreak zerga iraunkorra nahi du eta ez du gaur egungo behin-behineko kargari ongi irizten. EAJk, bere aldetik, gaur egungo formatuaren aurka dagoela esan izan du, ezin dutelako euskal ogasunek karga hori jaso. Baina ez luke gaizki ikusiko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Ogasunek kudeatu ahal izango duten zerga bihurtuz gero.