Itxi

GABONETAKO MEZUA

Felipe VI.a erregeak "lasaitasunerako" deia egin du, "liskar politiko zaratatsuaren" aurrean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gabonetako mezuan, Estatu espainiarreko estatuburuak gogoan izan ditu orain bi hilabete inguru bereziki Valentzia astindu zuen denboralearen biktimak.

Felipe VI. Espainiako erregea, Gabonetako hitzaldian. Argazkia: EFE

Felipe VI.a Espainiako erregeak uste du gizarteak "lasaitasuna" behar duela, "liskar politiko zaratatsuaren" aurrean. Bere hitzetan, agertoki politikoko "etengabeko zaratak" ezin du izan herriaren beharrei entzuteko oztopo.

Gabon gauean urtero egin ohi duen hitzaldian, bereziki gogoan izan ditu joan den urriaren amaieran Espainiako hainbat probintzia astindu zituen goialdeko depresioaren biktimak. Haiei eskaini dizkie lehen eta azken hitzak, eta eskatu du kaltetu guztiei laguntzak iristea. Herri askotan oraindik lan asko dagoela egiteko nabarmendu du, eta "itxaropena galdu gabe" lanean ari diren herritarren lana txalotu.

Felipe VI.a erregearen hamaikagarren Gabon mezua izan da aurtengoa, eta beste behin, Espainiako Konstituzioaren "balioan" jarri du azpimarra, "oinarrizkoaren gaineko akordioa" ezinbesteko erreminta dela esanez, herritarrek erakundeengan "konfiantza" mantentzeko.

Besteak beste, migrazioaz ere aritu da. Pertsona orori aitortu behar zaion "duintasuna" erdigunean jarrita landu behar da migrazioaren afera, Espainiako estuburuaren ustez. "Integrazioa" eta "oinarrizko elkarbizitza arauen errespetua" dira, adierazi duenez, migraziora bideratutako politiken ardatzak.